19 diciembre 2023

Drogen munduan ikusezin

Ai Laket!! Elkarteko bazkidea den Irati Olaziregik idatzitako artikulua, Pikara Magazineko ‘Drogas’ monografikoan argitaratu zena, 2023ko ekainean. Drogei buruz gehiago irakurri nahi baduzu, genero ikuspuntutik, paperezko ale bat eros dezakezu 5 euroren truke: https://www.pikaramagazine.com/producto/drogas/


Drogen kontsumoari eta arrisku praktikei lotutako ikerketek eta esku hartzeek ikuspegi androzentrista dute oraindik, eta horrek emakumezkoen errealitateak eta bizipenak deuseztatzea eragiten du.

EGILEA // Irati Olaziregi, Ai Laket!!-eko kidea

BADIRUDI GIZAKIA heldu zenerako drogak jada existitzen zirela naturan, eta, beraz, gizakiaren eta drogen arteko bizikidetza historiaurretik datorren kontua da. Gizakiak drogen erabilera desberdinak egin ditu historikoki – medikoa, espirituala, erlijiosoa edota soziala besteak beste –, eta gaur egun erabilera horiek presente jarraitzen dute. Drogen kontsumoak arrisku batzuk dituela badakigun arren, droga legalen erabilera erabat zabaldua eta onartua dago, arriskuez gain onurak ere eskaintzen dituztelako. Hala ere, arrisku horien aurrean neurriak hartzen ditugu, kontsumoak ahalik eta kalte txikiena eragin diezagun – kontsumoak tartekatzea edota dosia neurtzea esaterako.

Droga ilegalak ere gozamenagatik edo onuraren bat eskaintzen digutelako kontsumitzen ditugu, baina ilegal izate hutsagatik arrisku gehigarri batzuk dituzte. XX.mendearen lehen hamarkadetan, droga ilegalen aurkako politikak ezartzen hasi ziren Europan eta Amerikako Estatu Batuetan, eta politika horiek substantzia ilegalen kontsumoari lotutako arriskuak areagotu eta betikotu dituzte. Alde batetik, substantzia horiek merkatu beltzean saltzen direnez, ez dago kalitate kontrolik eta, beraz, droga erabiltzaileek ezin dute ziurtasunez jakin kontsumitzen ari diren substantzien konposizioa. Ohikoa da drogak beste substantzia merkeago batzuekin –aizuntzaileak deritze– nahastea edo ordezkatzea irabazi gehiago ateratzeko, eta kasu batzuetan, aizuntzaile horiek oso kaltegarriak izan daitezke, baita hilgarriak ere (Luna-Fabritius, A. 2015). Bestetik, droga ilegalen kontsumoa sozialki demonizatu eta penalizatu egin da, mitoak, estereotipo faltsuak, aurreiritziak eta informazio okerra zabalduz (Glockner, J. 2011).

Egoera horren aurrean, bide alternatiboak jorratu nahi zituzten erabiltzaileen taldetxo bat arrisku murrizketarako esku hartzeak gauzatzen hasi zen 1998an, modu ez ofizialean – festa giroan eta hurbileko jendearekin edo lagunartean. 2002. urtean, Ai Laket!! elkartea sortu zuten, Droga erabiltzaile eta erabiltzaile ohiak arrisku murrizketaren alde lelopean. Erabiltzaileen eskubideen defentsan egindako lehenengotariko pausoak izan ziren Euskal Herrian, eta norabide berean jarraitu dugu lanean gaurdaino. Egun, arrisku murrizketa lantzeko hiru jarduera nagusi egiten ditugu:

Informazioa

Erabiltzaileen erabakitzeko eskubidea defendatzea da Ai Laket!! elkartearen oinarrietako bat, baina ezinezkoa litzateke erabaki libre eta kontzienteak hartzea informazio okerrarekin edo informaziorik gabe. Hori dela eta, funtsezkoa iruditzen zaigu ahalik eta informazio objektibo eta zientifikoena eskaintzea. Askotariko informazioa ematen dugu bai idatziz (material grafikoaren bitartez) eta baita ahoz (esku-hartze zuzenaren bitartez) ere, substantziekin lotutako informazioa (efektuak, dosia, arrisku murrizketarako jarraibideak, epe motz, ertain eta luzerako ondorioak…) edota legalitateari lotutako aholkularitza esaterako. Horrez gain, kontsumo arduratsuari buruzko hausnarketa, eta drogen egoera legalaren inguruko eztabaida sustatzen ditugu.

Analisia

Substantzia ilegalen analisia egiten dugu, erabiltzaileek kontsumitzen ari diren substantzien konposaketa jakin dezaten. Zerbitzu horrek nahi ez diren – tartean osasunerako oso arriskutsuak izan daitezkeen – substantziak detektatzea ahalbidetzen du. Europako lehen analisi zerbitzua Holandan ireki zen 1992.urtean, bertako Osasun Ministerioak aginduta. Ordutik, Europa mendebaldeko beste herrialde askotan iniziatiba berriak sortu dira, gehienak droga erabiltzaileek sustatutakoak eta kudeatutakoak. Azken urteetan, horrelako iniziatibek gero eta babes handiagoa jaso dute instituzioen partetik, osasun publikoaren alde egiteko ezinbesteko esku hartzeak direla ikusita (Brunt, 2017).

Materiala

Arrisku murrizketarako jarraibideekin batera askotariko materialak banatzen ditugu, eta horien helburua kontsumoak eragin diezazkigukeen kalteak murriztea da. Arrisku murrizketan adituak diren kolaboratzaileen azalpenez gain, honako materialak banatzen ditugu: sudurretik hartzen diren substantziak kontsumitzeko paperezko turuloak, sudurra garbitzeko gazura, dosifikatzeko kapsulak, erretzeko askotariko filtroak eta pipak, erabilera bakarreko alkoholimetroak, sexu harreman seguruetarako barne eta kanpo kondoiak edota lubrifikatzaileak, besteak beste.

Drogen kontsumoari lotutako ikerketek eta esku hartzeek, ordea, orokorrean ikuspegi erabat androzentrista dute; hau da, gizonezkoen esperientzia unibertsaltzat hartzen da, elementu neutraltzat, eta emakumezkoena “gainontzekoa” da, “normaltasunetik” at dagoena. Egun, ikerketa eta analisi asko unibertsaltzat edo neutraltzat hartzen dira, baina funtsean eredu maskulinoa hartzen da erreferentziatzat, generoak duen eragina aintzat hartu gabe (Rodriguez et al., 2019).

Generoak subjektibitatearen eta identitatearen eraikuntzan duen eragina dela eta, drogen kontsumoan ere eragin garbia du; hortaz, arrisku murrizketarako praktika egokiak proposatu nahi badira, funtsezkoa da drogen kontsumoaren analisia genero ikuspegitik egitea (Martinez, 2008). Bestalde, garrantzitsua da kontuan hartzea generoaz gain beste hainbat zapalkuntza-egitura ere badagoela – klase sozioekonomikoa, jatorria, azalaren kolorea, dibertsitate funtzionala, sexualitatea, etab. –, eta guztien elkarreraginak baldintzatzen duela pertsona bakoitzaren testuingurua (Cubillos, 2015).

Orokorrean, genero maskulinoari lotuta daude jokaera agresiboak, mugen gainditzea, autoritatearekiko konfronta- zioa edota arriskuarekin lotutako jarrerak, eta horiek, aldi berean, zerikusi handia dute drogen kontsumoarekin; hori dela eta, droga ilegalak kontsumitzen dituzten pertsonen gehiengoa gizonezkoa da (Ro- dríguez et al., 2019). Gainera, oro har, gizonezkoek kontsumo arriskutsuagoa izaten dute emakumezkoek baino. 2008.urtean, Beatriz del Moralek kontsumo maskulinoaren ezaugarriak landu zituen, eta aipatzen dituen jokaeren artean kantitate eta maiztasun handiagoetan kontsumitzea, arriskuaren pertzepzio txikiagoa, zuhurtzia falta, aurreikuspenari eta dibertsioaren antolaketari garrantzia gutxiago ematea, eta kolokatuta egotea harrokeriaz erakustea daude, besteak beste (del Moral, 2008).

Emakumezkoen kasuan, drogen kontsumoak beste kutsu bat izan du historikoki. Nuria Romok Género y uso de drogas: la invisibilidad de las mujeres (Generoa eta drogen erabilera: emakumeen ikusezinta- suna) testuan azaltzen du historian zehar emakumezkoen kontsumoa “osasunarekin lotutako arazoen” tratamendura bideratu izan dela. XIX.mendean, opiazeoak, batez ere, emakumezkoei mina arintzeko medi- kamentu gisa erabili ziren, uste baitzuten emakumeek mina jasateko gaitasun txi- kiagoa zutela. Bestalde, “emakumeen arazoak” tratatzeko opiazeoak, kokaina eta kanabisa erabiltzen ziren. XX.mendeko 50.hamarkadatik aurrera, “emakumeen tratamendurako” lasaigarrien erabilera zabaldu zen, etxeko andre “haserrekor eta ezegonkorrei” laguntzeko (Romo, 2005). Hainbat ikerketaren arabera, garai hartako morfinomanoen erdia baino gehiago emakumezkoa zen: Gonzalez Duroren (1979) ikerketa bateko laginean %57 aipatzen da, eta Usok (1994) erreferentzia egiten dien 1962ko Osasun Zuzendaritza Nagusiaren datuetan %65,1. Hala ere, “gaixotasunen tratamendurako” erabiltzen ziren droga legalak zirenez, gizartean nahiko normalizatua zegoen horien erabilera, eta kontsumoari lotutako estigma ez zen hain handia (Menses, 2002).

XX.mendearen bigarren erdian, herrialde batzuetan emakumezkoak lan-mundura eta espazio publikora hurbiltzen hasi ziren, haien egoera soziala eraldatuz (Romo, 2010). Aldi berean, 70. hamarkadatik aurrera, drogen erabilera terapeutikoa murriztu eta drogen erabilera ludikoak hartu zuen indarra, heroina, kokaina, kanabisa eta bestelako droga sintetikoen kontsumoa areagotuz (Romo, 2005). Bi gertaera horien ondorioz, nahiz eta orokorrean gizonezkoek emakumezkoek baino gehiago kontsumitzeko joera mantendu, desberdintasun hori txikiagotu egin da azken hamarkadetan (Romo, 2010). Hala ere, kontsumo prebalentzietan eta ereduetan desberdintasunak mantentzen dira. Droga legalen kasuan, emakumezkoen kopurua gehiago hurbiltzen da gizonezkoenera, eta kasu batzuetan gainditu egiten du, psikofarmakoen kasuan esaterako (OEDA, 2021). Legalitateak eta onarpen sozialak zerikusia dute joera honekin, ezaugarri horiek genero femeninoari egotzitako rolekin bateragarriak baitira (Rekalde y Vilches, 2003). Bestalde, aipagarria da psikofarmakoen kontsumoa ohikoagoa dela emakumezkoen artean gizonezkoen artean baino; izan ere, emakumezkoek maiztasun handiagoz izaten dituzte ondoez psikologikoak genero femeninoari egotzitako rolen (edertasun kanonak betetzea, lanaldi bikoitza, gainkarga fisiko eta afektiboa), eta kanpoko aintzatespen eta balorazio faltaren ondorioz (Romo eta al., 2003). Bestalde, marihuana kontsumoa ere nabarmen igo da azken urteetan emakumeen artean, ziurrenik gizartean gero eta normalizatuago eta onartuago dagoelako substantzia horren erabilera (Romo, 2005). Droga ilegalen kasuan, gizonezkoen kontsumoak emakumezkoena bikoiztu edo hirukoiztu egiten du. Gainera, emakumezko kontsumitzaileen kontsumo eredua guztiz bestelakoa da: maiztasun txikiagoarekin eta dosi txikiagoak kontsumitzen dituzte, zuhurragoak dira, kontsumoen planifikazioa gehiago  zaintzen dute, gatazkak saihesten dituzte, eta ez dute kolokatuta daudela harrotasunez erakusten. Emakumezkoek, oro har, droga ilegal gutxiago kontsumitzearen arrazoietako batzuk honakoak dira: egozten zaien estigma gogorra, espazio publikoan deseroso sentitzea, erasoak jasateko beldurra edota dagozkien rolak betetzeko presioa (Rekalde y Vilches, 2003).

Gizonezkoen eta emakumezkoen kontsumo ereduak alderatuta, badirudi emakumezkoa izatea eta, beraz, identitatea genero femeninoaren baitan garatzea bere horretan babes faktore bat dela, dagozkion rolak kontsumo arriskutsutik gehiago aldentzen direlako. Uste horrek badu zerikusia droga menpekotasuna nagusiki “gizonezkoen” arazotzat hartu izanarekin, eta horrek, aldi berean, emakumezkoen kontsumoa ezkutatu du (Martínez, 2008). Ondorioz, askoz gutxiago dakigu emakumezkoen kontsumo ereduei eta prebalentziei buruz, baita haien tratamendu beharrei buruz ere. Orokorrean gizartean droga ilegalen kontsumoa estigmatizatuta badago, emakumezkoek estigma bikoitza jasaten dute genero femeninoari dagozkion ezaugarriak ez betetzeagatik (Romo, 2010). Estigma sozialaren eraginez, kontsumoa ezkutatzeko joera ohikoa da emakumeengan, eta zailtasunak dituzte menpekotasuna dutela onartzeko eta laguntza eskatzeko (Pérez y Correa, 2011). Menpekotasunaren tratamendurako baliabide gehienak ere gizonen beharretara egokituta egotea beste oztopo handi bat da: emakume asko ez dira baliabideetara hur- biltzen, eta laguntza eskatzen dutenek tratamendua uzteko aukera handiak dituzte, baliabideak ez direlako beren errealitateetara egokitzen. Izan ere, eskaintzen diren baliabideetan askotan ez dira emakumeen menpekotasunean elkarreragin dezaketen egoerak kontuan hartzen, hala nola “bikotearengandik jasotako tratu txarrak, gorputzaren eta sexualitatearen kontzepzioa, genero-autoestimua, partekatuak ez diren familia erantzukizunak edota seme-alaben presentzia tratamenduan zehar” (Martínez, 2008).

Antzeko zerbait gertatzen da arrisku murrizketara bideratutako programetan. Gizonezkoen kontsumo patroiak, sozializatzeko modua eta beharrak unibertsaltzat hartzen dira, eta horietan oinarrituta diseinatzen dira esku hartzeak. Ondorioz, emakumezkoen parte hartzea mugatu egiten da haien errealitateak deuseztatuz. Oraindik erreferentziatzat jotzen ditugun analisi eta programa gehienek ikuspegi androzentrista duten arren, azken urteetan lan handia egin da genero ikuspegitik drogen kontsumoaren alorrean, eta beraz, gero eta baliabide gehiago dugu eskuragarri norabide horretan lanean jarraitzeko. Orain guri dagokigu autokritika egin, erreferente egokiak aukeratu eta arrisku murrizketaren bidea morez lokaztea.

Bibliografia:

  • The Feminist Tech Vision https://superrr.net/feministtech/
  • BRUNT, T. (2017). Drug checking as a harm reduction tool for recreational drug users: opportunities and challen- ges. European Monitoring Centre for Drugs and Drug Addiction.
  • CUBILLOS ALMENDRA, J. (2015). “La importancia de la interseccionalidad para la investigación feminista”. Oxímora revista internacional de ética y política, (7), 119-137.
  • DEL MORAL, B. (Farapi, S.L.) (2008). “Marco teórico” en Cómo introducir la perspectiva de género en los proyectos de drogodependencias. I Jornada de la Comisión de Género del Gobierno Vasco.
  • GLOCKNER, J. (2011). Drogas y conducta. Elementos: ciencia y cultura, 19(82), 59-64.
  • LUNA-FABRITIUS, A. (2015). “Modernidad y drogas desde una perspectiva histórica”. Revista mexicana de ciencias políticas y sociales, 60(225), 21-44.
  • MARTÍNEZ REDONDO, P. (2008). Perspectiva de género aplicada a las drogodependencias. Asociación de Entidades de Centros de Día de Drogodependencias.
  • OBSERVATORIO ESPAÑOL DE LAS DRO- GAS Y LAS ADICCIONES. ALCOHOL, TA- BACO Y DROGAS ILEGALES EN ESPAÑA. (2021). Ministerio de Sanidad. Delegación del Gobierno para el Plan Nacional sobre Drogas, 243 p.
  • REKALDE, C., VILCHES, A. (2005). Drogas de ocio y perspectiva de género en la CAV. Observatorio Vasco de drogodependencias.
  • RODRIGUEZ SAN JULIÁN, E., MEGÍAS QUIRÓS, I., MARTÍNEZ REDONDO, P. (2019). Distintas miradas y actitudes, distintos riesgos. FAD.
  • ROMO AVILÉS, N., VEGA FUENTE, A., MENESES FALCÓN, C., GIL, E., MARKEZ, I., & POO, M.. (2003). “Sobre el malestar y la prescripción: un estudio sobre los usos de psicofármacos por las mujeres”. Revista Española de Drogodependencias, 28(4), 372-379.
  • ROMO AVILÉS, N. (2005). “Género y uso de drogas: la invisibilidad de las mujeres”. Monografías Humanistas, 5: 65-83.
  • ROMO AVILÉS, N. (2010). “La mirada de género en el abordaje de los usos y abusos de drogas”. Revista Española de Drogodependencias, 35(3), 269-272.
Envíaselo a alguien:
Share