5 Maiatza 2026

Fentaniloaren mehatxua: kontakizuna puztu beharraren eta arrisku objektiboen artean

#artículo

AUTOREA// Ricardo Echanove Fernández, Ai Laket!!eko kidea

Artikulu hau, jatorriz, lasdrogas.info webgunean argitaratu zen, 2025ko urriaren 24an (jatorrizko hizkuntzan argitaratzen da): https://lasdrogas.info/analisis/la-amenaza-del-fentanilo/

Gertatu izanaren beharrik gabe albisteak asmatzeko aukera

Ohikoa da hedabideek gure errealitateari dagozkion gertakariak eta gaiak modu deigarrian idaztea: helburua, jakina, lerroburuak artikulua irakurtzeko interesa piztea da eta, ondoren ere, irakur-minari eustea.

Hori, ziur aski, handitu da aro digitalean, non hedabideak lerroburuen bidez elkarren artean lehiatzen diren Interneteko bilatzaileetan, ahalik eta “klik” gehien eskuratzeko.

Asmakeria noraino irits daitekeen are nabarmenago geratzen da droga eta psikoaktiboei buruzko gaietan egunerokoak diren gertaerekin baino; izan ere, berez, arrisku aipagarriak dituzte, eta edozein lerroburuk “morbosoki” erakar dezake balizko irakurlea. Errealitate horretatik abiatuta, “klik” egiteko lehiak kazetaria hiperbolen bat edo beste sortzera, baita kazetaritzaren etikaren kontrako gezurren bat edo beste zuzenean asmatzera ere, eraman dezake.

Guri dagokigun substantziaren kasuan, Fentaniloa, arriskuak berez nahiko nabarmenak dira, gainera. Batetik, mendekotasun-potentzial handia du; kasu horretan, mendekotasuna garatzen duten gizabanakoak laket-erabiltzaileak direlarik, substantzia debekatua izateak arriskua areagotzen du. Bestetik, arnasketa-depresioagatiko gaindosia izateko arriskua du; gainerako opioideena baino askoz handiagoa da, terapia- zein laket-dosien eta arnasketa-depresio hilgarriaren arteko tartea txikiagoa delako.

Baina Fentaniloaren berezitasuna, dibulgazio-fenomeno gisa kontatzea merezi duena, da kontakizuna puztu beharra Fentaniloa bera baino haratago joan dela; izan ere, printzipio aktibo/farmako/droga gisa, medikuntza-onurak eta laket-erabilerak ditu, eta bi kasuetan arriskuak daude. Bide batez, printzipioz, laket erabileran arriskuak medikuarenean baino dezente handiagoak dira, eta, beraz, opioide hau hartu edo erabiltzean, hari buruzko (ez)/ezagutza are garrantzitsuagoa da izan ditzakeen arriskuei dagokienez.

Adibide batekin azalduko dut: AEB eta Kanadan ikusi dugun bezala, batzuetan kasuistika harrigarria da, eta medikuntzan, arriskuak ahaztuta, fentaniloa harrokeriaz erabili izanak epidemia handia eragin du.

Beste alde batetik, kasuistika osoaren artean laket-erabileren kasuak ere aurki ditzakegu –nahiz eta oso ohikoak ez izan, sinatzen duenak berak ezagutzen ditu gutxienez halako pare bat kasu lehen eskutik–, printzipio aktiboaren arriskuak direla eta, fentaniloa kontu handiagoz kontsumitu duten erabiltzaileak: era puruan izatea ziurtatzeko interesa, neurketa-tresna zehatzak, ahultasun psikologikoko une batean mendekotasuna eskutik joaten bazaie ordezko opioide baten bidezko mantentze-programaren balizko premia aurreikustea… eta abar.

Fentaniloa joan den mendeko 60ko hamarkadatik existitu existitzen den opioidea izanik, hiperbolizatzeko eta kontakizun apokaliptikoak asmatzeko beharra duten albisteak gehiago zentratu dira Fentaniloa Europara iristearen gaineko mehatxuan. Epidemia gisa aurkezten dute  “zonbien inbasio” baten ideiarekin lotuz, horretarako, Ipar Ameriketako hirietan makur-makur eginda dabiltzan substantziaren erabiltzaileen irudiak zabalduz, maiz baliabide sozio-ekonomiko gutxikoak.

Jakina, gainera, A.G. Escolar autoreak dioenez, ondorio euforikoen eta arnasketa-depresio indartsuaren (eta are hilgarriaren) arteko tartea gainerako opioideena baino txikiagoa denez, badirudi nahiko logikoa dela pentsatzea, pertsona haien artean –euforia/ihesa bilatzeagatik– dosi altuak hartutakoak baino ez daudela (literaturan “lo-suma opioide” deritzan egoeratik hurbil). Berriro diot, tarte txiki horixe da, hain zuzen ere, ABEko etxerik gabeko herritarren artean, opioide hori “zonbi droga” izendatzeko erabiltzen dituzten pertsona makurtuen irudiak eragin duena eta eragiten jarraituko duena. Efektua gutxitu ahala, erabiltzaileak jarrera eta kognizio “normalagoetara” itzuliko dira, zonbiak izateari utzita. Testuingurua desberdina da, baina hiruko erregela horren arabera, San Ferminetan alkohol-mozkor egoera gogorrean dauden pertsonen irudiak bilatuz, alkohola “zonbi droga” gisa ere aurkez liteke.

Alabaina, kontakizuna puzteko beharra substantziatik haratago doa: Ez da fentaniloak dagoeneko dituen arriskuak puztea soilik, baizik eta opioide horrek “zonbi amerikarretan ikusi den bezalaEuropara uneoro iristear dagoen epidemia” sinbolizatzea, eta iruditu ere badirudi hala gertatzea nahi dutela kontatzeko zerbait izateko. Areago ere, sonanbulismo-egoera horretan gizabere asko saldoka kale berean jartzeaz gain, labanak hartu, eta zornea eta aparra boteaz beldurra emango balute, are hobeto.

Potentziaren gaia

Hedabideentzako mantrarik nagusietako bat, “Fentaniloaren mehatxu beldurgarria” hiperbolizatzeko gehien errepikatu dutena, Opioide konposatu arriskutsu hau Heroina baino 50-100 aldiz indartsuagoa dela esatea da.

Noski, horrek zehaztasuna eskatzen du: Opioideen laket-erabiltzaileak euforia bilatzen du. Medikuak, analgesia. Fentaniloaren potentzia ez da inolaz ere beste Opioide batzuena baino handiagoa. Labur esanda, desberdina da besterik ez: substantzia bakoitzak sub hartzaile opioide desberdinak ditu eta erabiltzaile bakoitzak batzuei besteei baino hobeto erantzuten die, izan analgesiarako, izan euforiarako laket-erabileran. Kontakizun hau sortzeko argumentua, “aldez aurretik ezagutzen dugun guztia baino droga askoz indartsuagoa” delako hori, dosifikazioa sub-mg-tan egiten dela eta LD50 dosia (hau da, gutxi gorabeherako batez besteko dosi hilgarria, tolerantziarik ezean, biztanleriaren % 50 ingururentzat) 2 mg-koa dela erabili dute.

Baina 3ko erregela horrengatik, beste adibide bat jartzearren, Lorazepam-a Tranxilium-a baino 15 aldiz indartsuagoa izango litzateke. Baina, edozein medikuk jakin behar luke Benzodiazepinak direla biak eta, bakoitzak bere berezitasun eta dosifikazio. Edo Dextroprofeno/Enantyum 30 edo 50 aldiz indartsuagoa al da Ibuprofenoa baino?

Bitxia bada ere, sinatzen duenak bere ingurunean laket-kontsumitzaileengan egin duen ikerketa txikian, bai arriskuak murrizteko foroetan lekukotzak bildu ondoren ere, erabiltzaile gehienek adierazten dute opioide hau, oro har, ez dela beste batzuk baino gogobetegarriagoa. Salbuespen gisa, A.G. Escolarrek azaldu zuen bezala, “lo-suma” eragiten duten dosi altuenetan dago (erabiltzailea ohean ez badago, “zonbie” itxura eman dezake “nodding opiazeo” ospetsuan). Beste Opioide batzuekin, berriz, askotan bilatzen da euforia funtzionala. Potentziaren kontu honetan, beraz, gutxienez zorroztasun falta bat da, eta ez erabateko gezur bat.

Arriskuak murrizteko interes zintzotik ateratako ondorioak

Izan ere, Fentaniloa opioide oso indartsua da, eta berez arrisku objektibo asko ditu, baita kontsumitu nahian kontsumitzen denean ere. Arrisku horiek, ordea, debekuaren egungo testuinguruan beste egoera batzuetan gertatzen den bezala, biderkatu egiten dira erabiltzaileak  printzipio aktibo hori kontsumitzen ari dela jakin gabe kontsumitzen duenean, ustez beste substantzia bat izan beharko lukeelako, adibidez, pilula batean prentsatua, edo substantzia baten aizuntzean. Fentaniloaren kasuan, arrisku hori bereziki nabarmena da, segurtasun-tarte txikiagatik. Gauzak horrela, Fentaniloa masiboki sartzeak osasun publikoari egin liezaiokeen mehatxuak osasun-erakundeen kezka izan beharko luke, eta RdR (Arriskuak Murrizteko) elkarteekin lan egin beharko lukete eskuz esku. Horri dagokionez, badira berri on batzuk, hala nola Naloxona Bilbon edo Bartzelonan banatzeko programak. Ez da alarmismo-seinaletzat hartu behar, hori bai, ez baitirudi oraingoz Fentaniloren aizunketa Europara iritsiko denik, nahiz eta kazetaritza-hedabideek hala nahiko lueketela eman.

Izan ere, kasurik ezean, asmatzeko gai ere izan daitezke, agian: Cuatroko dokumental batean, 2023an, Kokaina eta Heroina laginak jaso ziren Cañada Real-en… eta Fentaniloan positibo eman zuten guztiek. Ezin da ukatu % 100ean, baina kontuan hartuta ez EC-n, ez Ai Laket!! -en laborategi-analisietan, hamarnaka eta hamarnaka kokaina eta heroina laginen artean, ez dela identifikatu Fentanilo-positiborik batere, eta kazetaritzaren etikaz jabetuta, nahiz eta ezin den erabat baieztatu, posible da datua zuzenean faltsua izatea (kasualitate izugarria litzateke bestela…).
Laburbilduz: drogen kontsumoan arriskuak murrizteak, Fentaniloa arrisku objektibo gehien duenetakoa izanik, alde batetik informazio zorrotza zabaltzea eskatzen du, eta, bestetik, ilegalizazio-egoerari dagokionez, merkatua laborategi bidezko analisien bidez nola dagoen zehatz-mehatz eguneratzea; ez kontakizun ahalik eta apokaliptikoena saltzeko irrika, hedabideek asmatu nahi duten bezala. Nik neuk argitaratu nuen Ai Laket!! -en ahalik eta informazio zehatzena lortzeko guneen bilduma.

Bibliografia

CUATRO. “Fuera de cobertura: Especial Fentanilo (II)”, emitido el 30 de octubre de 2023 

“Erowid Fentanyl (China White) Vault”, www.erowid.org

“Energy Control señala que no hay evidencias suficientes para afirmar que el fentanilo ha llegado a los mercados de drogas en España”, 26 de agosto de 2023. www.energycontrol.org (Consulta en febrero de 2026)

RTVE NOTICIAS. “EE.UU. Fentanilo: 50 veces más potente que la heroína y más barato provoca 200 muertes al día”, 2023. (Consulta en febrero de 2025 en /www.youtube.com/watch?v=6Cw8xwgAOG8&t=1s)

THE WILD PROJECT Antón Gomez Escolar: “Científico explica claramente la REALIDAD DEL FENTANILO, sin mentiras ni exageraciones”, (Consulta en febrero de 2026 en www.youtube.com/watch?v=YNf36rSx_8g)

MELERO, A (2025) Crónica vasca www.cronicavasca.elespanol.com/sociedad/20251217/bilbao-participara-proyecto-envases-naloxona-prevenir-fentanilo/1003742716671_0.html (Consultado en marzo 2026)

ECHANOVE, R (2025) AILAKET: “El uso de Internet para la reducción de daños en drogas: una apuesta por la pedagogía”. Consultado en marzo de 2026. ailaket.com/eu/noticias/el-uso-de-internet-para-la-reduccion-de-riesgos-en-el-consumo-de-drogas-una-apuesta-por-la-pedagogia/

Envíaselo a alguien:
Share