15 Urtarrila 2025
Interneten erabilera drogen kontsumoan arriskuak murrizteko: pedagogiaren aldeko apustu bat
AUTOREA// Ricardo Echanove Fernández, Ai Laketeko kide
Joan den mendeko 90eko hamarkadan, Internet tresna gisa gizartearen sektore gehienetara arian-arian hedatu izanak, zalantzarik gabe, gizakiaren historian informazioa transmititzeko ahalmenaren iraultzarik handiena ekarri du.

Jakintzaren arlo guztietan hala izan da, baina baita zeinahi gairekin ere “jakintza” izena merezi ez duen afera dugu: edozein “esames” sozialki ikaragarri zabaltzeko ere balio duela. Gauzak honela, argi dago substantzia psikoaktibo deritzegun horien ezagutza hedatzeko gaitasunari dagokionez ez zela gutxiago izango.
Mundu mailan, Antonio Escohotado filosofoa da “droga” horiek zer diren ezagutzen lagundu duen figuretako bat. Berak eragin handia izan du neutraltasunean: drogek, erabiltzen diren moduaren arabera, onura handiak zein arazo handiak eragin ditzaketela –eta, hemen, arrisku-murrizketaren gai zentralarekin lotzen dugu bete-betean–. Egile honek sarritan goraipatzen zuen Internetek duen gaitasuna, mota guztietako ezagutzarako sarbidea “klik” batzuetara jartzeagatik[1].
Hala ere, Escohotadok, psikonauta eta drogofilo gisa autodefinituak, aipatu hitzaldian ezagutza “erabiltzailearen pazientziaren mende” dagoela zioen, izan ere, ikerketa-lan on bat egiten ez bada, gerta baitaiteke tresna horrek erabiltzaileari eman diezaiokeen informazioa eta ezagutza fidagarriak ez izatea. Anbibalentzia handia ikusten dugu Internetek informazio objektiboa eta egiazkoa zabaltzeko, eta, aldiz, informazio hiperbolizatua edo zuzenean faltsua ugaltzeko duen gaitasunean; buloak eta orain fake news deitzen diren horiek. Hau dena bereziki garrantzitsua da drogen arloan, gai tabua baita gure gizartean. Escohotado berriz ere parafraseatuz, Heroinaren zain barneko erabileraren masifikazioaren ondorioz, GIB (Giza Immunoeskasiaren Birus)-aren transmisioak eragindako heriotzen epidemia bere gorenean zegoela: “Ez da droga hiltzen duena, ezjakintasuna baizik”[2]. Erabilera higienikoa eta RdR (Arriskuak Murrizte)-aren gaineko informazioa masiboki zabaldu balitz, heriotza-kopurua nabarmen txikiagoa izan zitekeen testuinguru batez ari gara.
Gaiaren egoera internet aurretik
Internet garatu aurretik inprentaren garapena izan zen ordura arte gizakiak ezagutu zuen informazioaren transmisioaren iraultzarik handiena. Bada, orduan ere, ezagutzaren transmisioaren aurreko iraultza horrek errataz edo garaian garaiko egoera sozial edo historikoak baldintzatutako argitalpen partzialak edo interesatuak ugaritzea ekarri zuen.
Substantzien kontsumoari lotutako bi esperientzia sozio-historikoen adibideak aipatuko ditut, non kalteak nabarmen txikiagoak izan zitezkeen Internet existitu balitz (beti ere zorroztasunez erabili balitz, noski): Heroinaren epidemiaren nagusitzea 80ko hamarkadan eta “Bakailaoaren bidea” edo “Destroy bidea” 90eko hamarkadan.
Lehen kasuari dagokionez, lehen aipatu dut Internetek informazioaren hedapen masibo eta bat-batekorako duen gaitasunari esker, ez dela ausartegia baieztatzea aurreko mendeko 80ko hamarkadako Heroinaren epidemiak kalte gutxiago eragingo zukeela. Menturazkoegia izan liteke erabat ezabatuko lukeela esatea. Gainera, hori nahiko anbiguoa da. Kasu honetan, gizarte osoarentzako sufrimendurik handienak eragin zituenak aipatu nahi ditut; lehenik, heriotzak, eta bigarrenik, gizarte-desegituraketa erabatekoak, biak ere opiazeoen mendekotasuna nola kudeatu gutxieneko jakintza mediku batekin saihestu zitezkeenak.
Informazio gehiago egon balitz, ziurrenik mendekotasun bat baino gehiago (mendekotasun hori gizartean “txukun” edo “ongi” eramanik ere) saihestu zitezkeela alde batera utzita, garai hartako jendearen ahotik artikulu hau idazten ari denaren belarrietara heldutako bi adibide aipatuko ditut: lehenengoa, heroinaren zabalkundearen lehen olatutik oinarrizko informazioa masiboki zabaldu balitz, heriotzak askoz gutxiago izango zirela. Adibidez, lixiba pixka bat beti eskura izateak espiral nihilistan gehien murgilduta zegokeen mendeko pertsonari ere bizia salba ziezaiokeela, xiringa partekatzea inportako ez bazion ere, ekintza horri oraindik balio minimo bat emateko. Bigarren adibide gisa, lehen eskuko esperientziagatik adierazi nahi dut: opiazeo txikien bidezko “dekalaje” kontzeptua ezagutu, eta erakunde publiko zein pribatuetan hedatuta egon balitz –interneten berehalakotasunak ahalbidetzen duen moduan– asko lagunduko ziela, mendekotasunak era guztietako estuasunak eta arriskuak emanik ere, eragingo zien Abstinentzia-Sindrome handiaren beldur kolpetik uzteko gauza izan ez, baina mendekotasun hori pixkanaka murrizteko prest egongo ziratekeenei.
Argumentu honi balio handiagoa emate aldera, gogoratu nahi dut adikzio-ahalmen handia duen substantzia hau –baina, hala ere, gutxieneko irizpide batzuekin hartuz gero egozten zaiona baino askoz ahalmen hilgarri txikiagoa duena–, kontsumitu nahi duen gizabanako ororentzat biblia handitzat hartzen den Eduardo Hidalgo Downing (Energy Control arriskuak murrizteko erakundeko kidea)-ren “Heroina”[3] argitalpenean baliabide digitalak direla erabiltzen dituen erreferentzia nabarmenetako asko.
Bestalde, “Bakailao Bidea” edo “Destroy Bidea” joan den mendeko 90eko hamarkadako substantzia psikoaktiboekin loturiko fenomeno sozio-kultural-musikal nabarmenena izan zen. MDMA, eztanda kultural horren substantzia izar gisa, hamarkada batzuk lehenago sintetizatu bazen ere, substantzia berri moduan aurkezten zen, bazterturik bizi zen armairutik Alexander Shulgin kimikari iparramerikarraren eraginez mundura jalgia. Substantzia “berri” hori zein gutxi ezagutzen zen agerian uzten du Shulgin bera Espainiara joan zela estatuan substantzia horren pilula-trafikoagatik egindako lehen epaiketan akusatuen defentsaren aldeko lekukotza ematera, droga hori arrisku txikiagokotzat joaz, salatuen kondena jaitsi aldera[4].
Gaur egun, gizartean ezjakintasun handia dagoen arren, Arriskuak Murrizteko Elkarteetatik “Gutxiago gehiago da” edo “+- 2 hilabeteko araua” bezalako sloganak zabaltzen dira –neurri handi batean Interneten bidez– sistema serotoninergikoari atseden hartzen utzi eta, horrela, nahi ez diren ondorio emozional gutxiago jasateko, baita substantziaren “magiaz” gozatzen jarraitu ahal izateko ere, hala nahi duenarentzat. Beharbada, lehen ahoz ahoko zerbait egongo zen, baina ez zegoen informaziorik publiko zabalaren eskura. Eta “ereiten dena jasotzen denez”, komunikabideek Bideko “zonbi” bezalako adierazpenekin hiperbolizatu arren, egia da arazo psikiatriko larri samarrak ugaritu zirela, plazerrak eta arriskuak ondo kudeatuz saihestu zitezkeenak, hain zuzen ere, gaur egun, RdR-ren aldeko erakundeek kontsumitzen duten horientzat ahalik eta era masiboenean zabaltzen saiatzen garen informaziotik abiatuta.
Gaiaren egoera XXI. Mende honetan, Internet tresna hegemonikotzat hartuta, adibide batzuekin
Inork ahaleginik egin gabe, Interneten informazio zorrotza gailentzen dela pentsatuz haren gaitasunekin baikorregi jarri aurretik, bi adibide aipatuko ditut substantzia psikoaktiboekin lotutako informazio objektiboa transmititzeko Internet ahobiko arma dela erakusten dutenak. Aurreko atalean defendatu dut Interneten informazioaren transmisio-abiadurari esker, hainbat bizitza salbatu eta hainbat pertsonen osasuna hobetu zitezkeela. Alabaina, abiadura horrek berak “histeria kolektiboen” fenomenoa areagotu du, tresna hori gabe gerta ezin zitekeen intentsitatearekin. Gertaturiko bi kasu oso adibide onak dira: mendekotasun kimikoa eragiteko ustezko “ziztadengatik” izandako histeria kolektiboa, ikuspegi medikotik begiraturik ezinezko istorioa zena (Ai Laket-etik oso azalpen egokia egin zen horri buruz); edo Fentaniloa, substantzia psikoaktibo klasiko “guztien” adulterazio gisa, Espainiara berehala iritsiko dela dioen istorio amaigabea, inoiz iristen ez dena baina komunikabide handiei milioika klik ematen jarraitzen duena.
Duela bost urte, beste kasu bat zabaldu zen mainstream komunikabideetan, Nacho Vidal “helduentzako zinemako” aktore ezagunaren ospea zela eta, substantzia bat ezagutzera eman zuena: 5-meo-DMTa; zoritxarrez Abad[5] argazkilariaren heriotzarekin amaitu zen zeremonia batekin loturik.
Kasu hau aukera ona izan zitekeen antzeko esperientzia bat izan nahi duten pertsona guztiei informazioa kontrastatzeko beharraz hitz egiteko (bereziki beharrezkoa da 5-meo-DMT-aren kasuan, izan ere, arrisku mailari dagokionez triptaminarik bereziena da, sindrome serotonirgenikoa eragin dezakeen bakarra delako eta, iturrietan zehaztasun handiagorik ezean, dosi ez-estratosferiko bat ere hilgarria izan baitaiteke, eta hori ez da beste triptaminekin gertatzen). Hala ere, “morboak” eta “alarmismoak” gehiago saltzen dute. Ziur aski, Vidalek informazio bila Erowid-era jo balu eta “Deaths/fatalities” atala kontsultatu, non serotoninarekin elkarreragiten duten substantziekin nahastearen arriskua aipatzen den, ezbehar hori[6] saihets zitekeen (inor epaitu nahi gabe ere, kokaina zegoen hildakoaren gorputzean).
Alabaina, irizpiderik gabeak, are maiz faltsuak diren, informazio guzti horiei aurre eginez, Arriskuen Murrizketan aritzen garen erakundeak Interneten bertan topatzen dugu bozgorailurik handiena informazioa eta egin ditugun esku-hartze presentzialak zabaltzeko. Gainera, droga-zaletuen beste atari batzuk ugaritu dira, eta, arian-arian, informazio zorrotzeko biblia bihurtu dira, non prestakuntza handiko pertsonen profilek –akademia- zein kale-eskolakoak– idazten duten.
Beraz, substantzia psikoaktiboak zer diren gaineko kontakizunaren borrokaz hitz egin genezake, batetik morboan, irizpiderik gabeko informazioan eta click-en batuketan beste oinarririk ez duen kazetaritza eta informazio objektiboa zabaldu nahi duten plataformen artean, non helburua den substantzia psikoaktiboren batekin kontaktuan jartzeko aukera hartu duten gizabanako guztiek ahalik eta arrisku txikienetik egin dezaten. 90eko hamarkadatik Internet hegemonikoa bihurtzen joan bada ere, orain boom bat bizitzen ari gara, non telebista klasikoa eremu minoritario batera baztertzen ari den. Drogen kontsumoan arriskuak murrizteko informazioa zabaltzea beharrezkoa dela baloratu, eta horretarako interneteko tresna serioski hartu nahi badugu, gauzak nola dauden ikusi, ikasi eta baliatu beharko genuke. Eta une honetan kontakizunen borroka bat dagoela esan genezake, ez gehiago ez gutxiago.
Desinformazio horri aurre egiteko, objektibotasunari dagokionez fidagarritasun frogatua duten eta, beraz, RdR-ri laguntzeko gaitasun handia duten hainbat gune zerrendatuko ditut. Ingelesez eta gaztelaniaz (eta euskaraz, gauden orri hau bezala).
Atari fidagarriak
- Erowid www.erowid.org (ingelesez): Substantzia psikoaktibo mota guztiei buruzko informazioa, efektuetan, dosietan, erreferentzia akademikoetan, bibliografian… ondo egituratuta. 1995. urteaz geroztik, planeta osoan zehar erabiltzaileak beren esperientzia psikoaktiboak idazten joan dira. Esperientzia horiek hierarkizatuta daude, pertsonaren bizitza aldatu zuten “top”-etatik “oso txar”-etara, ospitalean bukatu dutenak, edo heriotzak; horrelako hutsak ez egiteko. Barnebiltzen ditu esperientzia erdi atseginak, pixka bat negatiboak, adikzio- eta errehabilitazio-kontakizunak eta abar.

Psychonautwiki- www.psychonautwiki.org (ingelesez): Arriskuak murrizten laguntzen duten dosifikazio-, efektu-koadro eta abarrez gain, substantzia psikoaktiboak fenomenologikoki eta dosika izan ditzakeen esperientzien xehetasun-maila hain da handia, ezen merezi baitu bertan tarte batez “freackytzea”, psikonautikan interesa baduzu, behintzat.
Tripsit.me – www.tripsit.me (ingelesez): Alderdirik aipagarriena da bere burua “trip-sitter” gisa eskaintzen duen beste erabiltzaile batekin konektatzeko aukera ematen duela, bidaia txar batean egon eta krisi psikoaktibo bat duen pertsonak ordenagailu bat eskura badu, gertatzen ari zaiona ezagutzen duen norbaitekin hitz egiteko kontsolamendua aurki dezake. Gainera, substantzien konbinazioen taula bat du, konboen arriskugarritasunari dagokionez, ziurrenik Internet osoko zehatzena.
Shroomery. www.shroomery.org (ingelesez): Psilozbina duten onddoei buruzko informazioan zentratua (segurtasunez biltzeko identifikazioa, hazkuntza-teknikak, bilatzen den esperientzia-motarekiko gutxi gorabeherako dosi-kalkulagailua, beste aldagai batzuen artean…), informazioa gainerako psikodelikoetara eta, neurri txikiagoan, gainerako substantzia psikoaktiboetara hedatzen joan zen. Sarbide libreko foroarekin, baina informazio egiaztatua duten hariak ondo bereizita ditu.
Ai Laket: Aurkezpenik ez du behar, artikulu hau irakurtzen ari bagara 😉
Energy Control. www.energycontrol.org (gaztelaniaz): Erakunde auzokidea, arriskuen murrizketarako informazioa zabaltzen du eta analisi-zerbitzua ematen Andaluzian, Madrilen, Balear Uharteetan eta Katalunian.

Échele Cabeza. www.echelecabeza.com (gaztelaniaz): Arriskuak murrizteko erakundea Kolonbian. Aurrekoak bezala, informazio objektiboa zabaltzen du eta analisi-zerbitzua ematen.
Ondorioak: Pedagogiaren aldeko apustua
Aipatu dugun bezala –nahiz eta, jakina, ez izan horretaz ohartu den bakarra–, Escohotadok gogorarazi zigun substantzia psikoaktiboak ez direla “onak”, ezta “txarrak” ere, baizik eta objektu neutroak –haiekin esku hartzen duten subjektuekiko zentzu pragmatikoan–, eta, ematen zaien erabileraren arabera, efektu onuragarriak nahiz kaltegarriak izan ditzaketela gizabanakoengan zein gizarte osoan. Bada, gauza bera gertatzen da Internetekin Arriskuen Murrizketari dagokionez. Internet tresna bat da, informazioa transmititzeko duen gaitasun handiagatik inpaktu anbibalenteak sor ditzakeena, ematen zaion erabileraren arabera. Are gertatzen da gure segurtasuna zaindu behar duten erakundeen sare sozialetan ere ikus dezakegula nola zabaltzen dituzten buloak kontsumitzaileen segurtasunari laguntzen ez diotenak.
Ezerk ez du aditzera ematen mainstream hedabide handiek “klik” erraza bilatzeari utziko diotenik, horretarako, “buloak” ugarituz, behar izanez gero, eta kazetaritzaren etika bera ez betetzeagatik axola gabe. Arriskuen murrizketarekin nolabaiteko harremana dugun pertsonok Interneten erabilera kaltegarri horri aurre egiteko tresnak ditugu, informazio faltsuei aurre eginez, nahi ez ditugun egoera txarrak eragin ez ditzaten. Baina helburua izan beharko litzateke drogen ondorioei buruzko informazioa objektiboa izatea, bai kontsumitzeko arrazoia diren eta eman ditzaketen plazer eta onura potentzialei dagokienez, bai eragin kaltegarriak eta sor ditzaketen arriskuak aipatzean.
Azkenik, gogora dezagun substantzia psikoaktiboen kontsumoan –bizitzako ia edozein jardueratan bezala, eta bereziki plazera sortzen badute– beti hartzen dugula arrisku bat. Beraz, gomendio ona izan liteke, RdR-n are zorrotzago jarduteko, informazioaren kontrastea, baita aipatu ditudan atarietan ere. Fidagarritasuna frogaturik duten atariak dira, bai objektibotasun zientifikoari dagokionez, bai efektuak deskribatzerakoan zehaztasun fenomenologikoa bilatzeari dagokionez, eta horrek ere garrantzia izan dezake susto bat baino gehiago saihesteko, bereziki substantzia jakinen bati dagokionez. Baina, adibide bat jartzearren, bi atari fidagarritan LSDaren dosi altutzat ematen den erreferentzia desberdina izan daiteke: baga, “Shroomery” foroan, non topatzen diren psikonauta arituenak, kontzientzia bere azken mugetan noraino irits daitekeen ikusi nahi dutenak, pertzepzioa eta Nor Izatearen zentzua bera kontzientzia-egoera arrunt batean nekez imajina daitezkeen mailetaraino bihurritzen direnean, eta, biga, Rave testuinguru batera gehiago zuzendutako atari bat, non koloreen distortsio sakon samarrak ikusten hastea dosi altu gisa erreferentziatu daitekeen.
Hortaz, artikulu honek ekarpen xume bat egin nahi dio RdR-ri, bi bidetatik. Lehenik eta behin, aipatutako fidagarritasun-atariak zerrendatu dira kontsulta-leku zorrotz gisa, kontsumitzea erabakitzen duen erabiltzaile potentzialak ahalik eta modu seguruenean kontsumitu dezan sor daitekeen edozein zalantzaren aurrean. Hedabide generalisten zorroztasun falta etengabeari “borroka” egin diezaioketen atariak dira, izan ere, euren etengabeko “klik” errazen bilatze horretan, informazio okerra transmititu besterik ez dute egiten, arrisku txikiagoak eta ondo informatutako erabakiak hartzeari kalte eginez.
Eta, bigarrenik, azpimarratze bat: desinformazioaren aurkako “borroka” horrek estrategia bat eskatzen duela eta, gainera, zenbat eta koordinatuagoa izan, orduan eta aukera handiagoa izango duela aipatutako “mainstream” hedabideen desinformazioa iraultzeko.
ERREFERENTZIAK
(1) ESCOHOTADO, A. “Internet es el regalo más grande que la humanidad ha recibido”. Cita en www.youtube.com/shorts/knmOYsU4DSg . Acceso en Diciembre 2024
(2) ESCOHOTADO, A. “Lo que mata es la ignorancia”. Cita en www.youtube.com/shorts/EkEQgvq8EZk. Acceso en Diciembre 2024
(3) HIDALGO DOWNING (2009). “Heroína”, Amargord.
(4) RUIZ FRANCO, J.C. (2015). “El creador del éxtasis en la Ruta del Bakalao”. Acceso al artículo en www.vice.com/es/article/sasha-shulgin-creador-extasis-ruta-del-bakalao-784/
(5) DE LA TORRE, N. & GONZÁLEZ, G. (2020). “Nacho Vidal, de gurú de la “droga de sapo” a acusado por homicidio”. El Mundo. Valencia.
(6) https://www.erowid.org/chemicals/5meo_dmt/5meo_dmt _death.shtml




