23 Apirila 2025

Fentaniloak, nitazenoak eta nolako politikek ekarri zituzten

#artículo

AUTOREA// Adrián Bermejo Huelva, Ai Laket!!eko kidea

Azkenaldian hazkunde handia egon da munduan opioide sintetikoen ekoizpenean eta kontsumoan. Estatu Batuetako fentaniloarena izan da kasurik paradigmatikoena, non, drogen aurkako gerrarekin lotutako zenbait faktorek eraginda, aurrekaririk gabeko osasun publikoaren krisi bat egon baitzen. Hala ere, arazo hori ez da eskualde edo substantzia bakar batera mugatzen, eboluzionatzen jarraitzen duen fenomeno globala da.

Merkatu horretako aktore nagusietako bat Txina izan zen, 2019an Asiako gobernuak fentaniloak ekoiztea eta saltzea debekatu zuen arte. Horrek ekoizleak bultzatu zituen zegoen eskariari erantzuteko gai ziren substantzia berriak bilatzera. Orduan agertu ziren nitazenoak. Nitazenoak potentzia handiko opioideen familia bat dira, joan den mendearen erdialdetik ezagunak, baina inoiz merkaturatu gabeak. Izan ere, ez dira medikuntzan erabiltzeko onartu izan, eta, oro har, beste substantzia batzuen ‒batez ere heroinaren‒ faltsutzaile gisa agertu dira eta hainbat sendagairen pilula faltsutuetan, hala nola opioideetan edo benzodiazepinetan. Deep web-aren bidez ere lor daitezke, baina nitazenoak zuzenean bilatzen dituzten pertsonak oso-oso gutxi dira. Gaur egun, fentaniloaren familia baino iheskorragoak dira, euren aitzindariak ez baitaude fiskalizatuta. Fentaniloaren ekoizpena, ordea, espezifikoa, ezaguna eta kontrolatua da. 2017an, Nazio Batuen Estupefazienteen Batzordeak (CND) fentaniloaren bi aitzindari nagusiak fiskalizatu zituen, eta, horren ondorioz, sintesi-metodoa Siegfried sistematik Janssenera aldatu zen. Metodo hori konplexuagoa zen, baina une hartan ez zuen kontrolpeko aitzindaririk behar. 2022an, CNDk fentaniloaren aitzindarien fiskalizazioa osatu zuen, eta, harrez gero, haren sintetizatzerako dagoen hiru metodo klasikoetako bakoitzean beharrezkoa den aitzindari bana, gutxienez, fiskalizatuta dago. Era berean, ez da ahaztu behar Txinan horri buruzko lege koerzitiboak urratzeak heriotza-zigorra dakarrela, eta horrek, jakina, disuasio handia eragiten du.

Mugimendu horien ondorioz, opioide sintetikoei dagokienez nolabaiteko ziklo-aldaketa sumatzen da: fentaniloen beherakada nabarmena eta nitazenoen gorakada. Izan ere, nitazenoen ekoizpenak, nazioarteko kontrol egokirik gabe oraindik, konposatu berriak sintetizatzen ditu etengabe (2023ko amaieran, Estupefazienteen Fiskalizaziorako Nazioarteko Batzordeak (JIFE) erabilera bidezkorik gabeko substantzien zerrenda bat argitaratu zuen, eta bertan 23 nitazeno agertzen ziren). Izan ere, badirudi duela gutxi nitazenoekin faltsututako heroinaren lagin batzuk agertu direla orain arte kasuistika horretatik libre egondako bi herrialdetan, Frantzian eta Alemanian. Egoera honek gobernuei zein herritarrei, erantzukizun kolektiboari zein indibidualari dei egiten digu substantzia horiek gure merkatuetan egoteak ekar litzakeen arriskuak saihesteko edo ahalik eta gehien murrizteko. Estamentu publikoek kalteak murrizteko politikak ezartzen jarraitu behar dute, hala nola, kontsumo-aretoak, naloxona ematea balizko gaindosien aurrean, zerrenda erreaktiboak banatzea fentaniloak eta nitazenoak detektatzeko, eta alerta-sare eraginkor bat, ahalik eta lasterren neurriak hartu ahal izateko konposatu horien presentziaren susmoa eragiten duen kasuren bat agertzen denean.

Eta zer dela eta merkatuaren gorabehera horiek? Nola iritsi gara egoera konplexu honetara? Bada, usteak uste, dena eskaintza- eta eskari-arauen araberakoa da, jarraian ikusiko dugun bezala.

Laurogeita hamarreko hamarkadan, Purdue Pharma enpresa farmazeutiko estatubatuarrak publizitate-kanpaina oldarkor bat abiarazi zuen osasunaren profesionalak ordainketa mamitsuen eta luxuzko bidaien bidez sarituz, OxyContin euren produktua masiboki errezetatu zezaten. Era berean, 38 paziente onkologikok (bai, 38) osatutako lagin baten gaineko ikerketa bat ere argitaratu zuen, non, enpresaren arabera, paziente horiek askapen luzatuaren bidez botikari lotzeko arriskurik ez zutela erakusten zuten. Praktika mafioso horiek etekin erraldoiak ekarri zizkioten farmazeutikoari; izan ere, gaitz kronikoak zein arinak zituzten pazienteek, kasu askotan analgesiko leunez tratatu zitezkeenek, oxikodona hidrokloruroaren errezetak lortu zituzten urteetan inolako kontrolik gabe. Burugabekeria honen azkenburuko gisa, Estatu Batuetako gobernuak, osasun publikoaren krisiari aurre egiten saiatu aldera, opioideen kontrolik gabeko eskuratzea ‒bere begien aurrean hazten utzi zuena‒ mugatzea erabaki zuenean, milioika pazienteren errezetak kolpetik kentzea baino ideia hoberik ez zuen izan. Ez zen mendekotasuna pixkanaka gainditzeko jarraibiderik eskaini, eta beharrezko tratamenduak ordaintzeko aukera zuenak baino ez zituen izan. Gainera, prebentzioaren ordez, zigor-ikuspegiaz eta haren irtenbide magikoaz jarraitu zuten: kartzela eta polizia gehiago. Beharra duenak, ordea, beharra du eta, logikoa denez, pazienteak legezko merkatutik legez kontrakora aldatu ziren, heroina-eskari gero eta handiagoari erantzuteko gai ez zena, bestalde. Gauzak horrela, Txinatik iristen zen fentaniloak ordeztu zuen. Beste behin ere, eskaintzari eta eskariari buruzko legea.

Beraz, merkatuan heroina falta izateak fentaniloen sartzea eta fentaniloen beherakadak nitazenoen sintesi-industria bat garatzea eragin zuela oinarri hartuta, agian ondoriozta genezake molekula berri horientzako irtenbide zentzudun bat opioaren eta heroinaren erregulazioa izan litekeela, hainbeste kalte eragin duten politika debekatzaileen aurretik zegoena bezalakoa. Agian horri buruzko hausnarketa lasai eta heldua egiteko unea da.

Bestalde, fentanilo eta nitazenoen potentzia handiak zaildu egiten du dosifikazio egokia, eta handitu egiten du gehiegi hartzeagatik nahi ez diren efektuak izateko probabilitatea. Ez dugu ahaztu behar familia horietako substantzia batzuen kantitate aktiboak mikrogramotan neurtzen direla, eta horrek, kontrolik gabeko testuinguru batean, oso zaila egiten du behar bezala pisatzea.

Egoera testuinguruan jartzen saiatuz eta hedabideen ohiko alarmismotik ihes eginez, azalduko dugu zergatik ematen duen Espainian “analgesiko berri” horiek ez dutela merkatu beltza okupatuko. Horretarako, Afganistani erreparatu behar zaio; izan ere, joan den mendeko 80ko hamarkadatik, Europan kontsumitutako heroinaren ia % 100 handik dator, legez kanpoko trafikora bideratutako opioaren munduko ekoizpenaren % 80 bezalaxe. Talibanak gobernura iristeak lo-belarra debekatzea ekarri zuen arren, merkatu horretan adituak ziren pertsonek zalantzan jarri zuten talibanek beto hori denboran zehar mantentzeko zuten gaitasuna, hainbat faktorerengatik:

Opioa Afganistango lehen esportazio-produktu eta zutabe ekonomikoa da. Historikoki, landare horren ustiapena bere BPGaren % 9 eta 15 artekoa izan da, eta horrek egiaztatzen du laborantza horrek enplegua sortzeko duen gaitasuna eta biztanleriaren ehuneko handi baten mendekotasun ekonomikoa.

Talibanen gobernuaren etorrerak kataklismo bat eragin zuen lehendik ere prekarioa zen herritarren askatasun indibidualarentzat, batez ere emakumeena eta neskena, eta horrez gain, ekonomiaren beherakada handia ere bai: Munduko Bankuaren datuen arabera, 2020tik 2021era, urteko batez besteko diru-sarrera per capita 9.542 dolarretik 7391 dolarrera pasa baitzen. Gainera, 2021ean desnutrizio-tasa biztanleriaren %30era iritsi zen eta 5 urtetik beherakoetan %38,2ra.

Herrialdeko opioaren prezioa 2020ko minimo historikotik (42 dolar kg lehorreko) 1000 dolarrera igo zen 2024ko ekainean. Datu hori aintzat harturik, pobrezian eta gosetean murgilduta dagoen herrialde batean, araua urratzea espero izatekoa da.

Afganistan herrialde multietniko, eleaniztun (40 hizkuntza hitz egiten dira bertan) eta kultur askotarikoa da; horrek errealitate sozialaren eta opioaren debekuaren gaineko mundu-ikuskera desberdinak (eta apartekoak) dakartza.

Nazioarteko Gardentasunaren arabera, Afganistan 180tik 166. postuan kokatzen da ustelkerian. Hori erabakigarria izan da, besteak beste, 2024an uzta handitzeko; izan ere, tribuetako lider askok laborantzarako aukera eman diete ekoizle txikiei, eroskeriaren bidez.

Bestalde, nazioarteko merkatuaren berezitasunetara joz, Drogen eta Toxikomanien Europako Behatokiaren (EMCDDA) datuen arabera, Espainia da handizkako heroinaren preziorik handiena duen Europako herrialdea, jatorrizko prezioarekiko % 1000 baino gehiagoko irabazi-marjinarekin. Hori dela eta, alkaloidearen hornidura falta hipotetiko baten aurrean bageunde, gaur egun aurreikus ezin daitekeena, merkatua kontrolatzen duten mafiek beren izakinak edo stock-ak hobekien ordaintzen duten merkatuetara bideratuko dituzte. Hau da, heroina hori Afrikan edo Asian saldu baino lehen, Europako merkatura ekarriko litzateke, eta, zehazkiago, Espainiakora.

Gobernu talibanak 2022an ezarritako lo-belarraren debekuak % 95eko jaitsiera ekarri zuen 2023ko ekoizpenean, aurreko urtearekin alderatuta, baina 2024an berriz ere % 19 igo zen, eta horrek, aurreko kanpainen erreserba handiekin batera, Europarako heroinaren hornikuntza bermatzen du urte bat eta hiru urte bitartean, eta lehen esan bezala, badira gainera talibanen debekua eraginkorra izan dadin zailtzen duten faktore sozial, kultural eta ekonomikoak. Gainera, badirudi Pakistanek bere ekoizpena handitu duela, Thailandiak, Laosek eta Birmaniak osatutako urrezko triangeluak bezala.

Horrek ez du esan nahi substantzia berri horiek faltsutzaile gisa ager ez daitezkeenik, Estatu Batuetan, Kanadan edo Europako hainbat herrialdetan gertatu den bezala. Horrek eskatzen du, batetik, erakunde nazionalek eta nazioartekoek merkataritza-mugimendu horiek monitorizatzen jarrai dezatela, eta, bestetik, erabiltzaileak ohitu daitezela erosten dituzten hordigarriak testatzera kontsumo arduratsu baten funtsezko prebentzio-neurri gisa.

Erreferentziak

Martínez Oró, David Pere: “Fentanilo en España. Evidencias, percepciones y realidades”. 2024, en https://www.epistemesocial.org/proyecto/fentanilo/

Vidal, Claudio: “Nitazenos”. 12 de diciembre de 2024, en https://energycontrol.org/nitazenos/

Hari, Johann: Tras el grito. Un relato revolucionario y sorprendente sobre la verdadera historia de la guerra contra las drogas, Barcelona: Paidós: 2015.

Martínez Oró, David Pere: “El cultivo de opio en Afganistán crece durante la campaña de 2024. Se aleja aún más la amenaza del fentanilo”, 10 de febrero de 2025, en https://www.lasdrogas.info/opiniones/el-cultivo-de-opio-en-afganistan-crece-durante-la-campaña-de-2024-se-aleja-aun-mas-la-amenaza-del-fentanilo/

“Qué son los nitazenos. ¿Es realista la posibilidad de que estos potentes opioides creen un caos en España?”. 29 de octubre de 2024, en https://www.adictalia.es/noticias/que-son-los-nitazenos/

Envíaselo a alguien:
Share