12 Ekaina 2026
Ai Laket!! Elkarteak Hegoak Elkartearen lekukoa hartuko du, Nafarroan arriskuak murrizteko lanarekin jarraitzeko
Hegoak elkartearekin prentsa-oharra.
Ai Laket!! Elkarteak Hegoak Elkartearen lekukoa hartuko du, Nafarroan arriskuak murrizteko lanarekin jarraitzeko
Emozioz betetako eguna da gaurkoa. Urte hauetan askok galdetu diguzue Hegoak itzuliko ote zen. Eta erantzuna zaila izan da beti. Hegoak proiektuak 2022an amaitu zuen bere ibilbidea, baina haren espiritua, izateko arrazoia eta osasun publikoarekiko eta aisia-guneekiko konpromisoa ezin ziren desagertu.
Nafarroan lanean aritu ginen urte guztietan, funtsezko zerbait ikasi genuen: arriskuak murriztea ez dela aukera bat, beharra baizik; egiazko informazioak bizitzak salbatzen dituela, epaitzen ez duen laguntzak konfiantza eraikitzen duela eta berdinen arteko lanak errealitatea eraldatzen duela.
Substantziak aztertzeko zerbitzua baino askoz gehiago izan zen Hegoak. Presentzia, entzutea, zientzia eta bihotza eskaini genituen jendeak aisialdiaz gozatzea erabakitzen zuen guneetan. Eta lehenengo egunetik jakin genuen gure indarra komunitatearen ondoan ibiltzean zetzala, inoiz ez hari bizkarra ematean.
2022an elkartea ixtea erabaki hausnartua izan zen, gogorra, baina baita beharrezkoa ere. Proiektu bakoitzak bere bizi-zikloa du, eta gurea, barneko eta testuinguruko gorabeherak zirela eta, amaierara iritsi zen. Halere, une horretatik bertatik argi izan genuen lanean jarraituko genuela, eraikitako guztia gal ez zedin.
Horregatik gaude gaur hemen. Iritsi da une hori. Ez gatoz Hegoak berriz irekitzera. Lekukoa ematera gatoz. Eta ziurtasun osoz egingo dugu, eskurik onenetan geratuko baita.
Ai Laket!! Elkartea ez da iritsi berria. Urteak daramatza Euskadin lan bikaina egiten, guk beti defendatu izan ditugun printzipio, filosofia eta zintzotasun berberekin.
Gaur lasaitasun osoz eta harro esan nahi dizuegu Ai Laket!! izango dela hemendik aurrera guk hasitako proiektua Nafarroan bultzatuko duena. Proiektu horrek, gainera, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren babesa du, Nafarroako Adikzioak Prebenitzeko Laugarren Planaren barruan.
Ezin dugu irudikatu babes instituzional hoberik, ezta aliatu tekniko eta giza aliatu hoberik ere.
Amaiera zoriontsua da hau. Izan ere, hainbesteko ahalegin, maitasun eta konbikzioz eraiki zenak iraun egingo du, bilakaera egokia izango du eta gehien behar dutenengana iristen jarraituko du.
Gu bihotza lasai eta Nafarroa osoarekiko esker onez erretiratuko gara. Baina ez gara erabat joango. Begira geratuko gara, txaloka, eta bidelagun izango gaituzte bide berrian.
Eta orain, besterik gabe, Ai Laket!! Elkarteko kideei emango diet hitza, lehen eskutik konta diezaguten nolakoa izango den hainbesteko ilusioa sortzen digun proiektu berria.
————————————————————————————————————–
Ai Laket!! Elkartearentzat pozgarria da jakinaraztea proiektu oso berezi bat hasiko dugula Nafarroan, iragan hurbileko herentzia baliotsua jaso eta etorkizunera begira.
Jende askok dakienez, 2022ra arte Hegoak Elkarteak lan aitzindaria —eta oso errespetatua— egin zuen komunitate honetan, aisialdiko espazioetako plazer eta arriskuen prebentzioaren eta kudeaketaren arloan. Huts handia utzi zuen itxi zenean.
Gaur, Ai Laket!!! Elkartetik jakinarazi nahi dugu erantzukizun handiz lekuko horri helduko diogula, tokian bertan lanean jarraitzeko, zorroztasunez, hurbiltasunez eta ebidentzia zientifikoz.
Hegoakek ardatz zuen filosofia berean oinarritzen da proiektua: parekoen arteko hezkuntzatik, egiazko informazioa emanez eta festa-guneetan zuzenean esku-hartuz kudeatzea plazerak eta arriskuak.
Gure helburu nagusia argia da: herritarrei, batez ere gazteei, kontsumoei lotutako arriskuak prebenitzeko eta murrizteko tresnak ematen jarraitzea, osasun publikoaren ikuspegitik, estigmatizatu gabe eta autonomia eta erantzukizuna sustatuz.
Ekintza-ildo nagusiak hauek izango dira:
- Prebentzio-esku-hartzeak aisialdi espazioetan.
- •Substantzien Informazio eta Analisi Puntu Finkoa: ostiralero 19:00etatik 22:00etara. Arrotxapea auzoan dagoen Sare Elkartearen bulegoan egongo gara
- LonjaLaket: Bajeretan gazteei plazerrak eta arriskuak kudeatzen aholkuak emateko proiektu bat.
- • Ostalaritza sektorearekin, udaletxeekin eta ekitaldia antolatzen duten erakundeekin koordinazio aktiboa aisialdirako espazio seguruagoak sustatzeko.
Esker onezko hitzak eskaini nahi dizkiogu Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari (NOPLOIri). Ai Laket!!! Elkartearekiko erakutsi duen konfiantzak eta proiektu honi emandako babesak agerian uzten dute sentsibilitate handia duela eta ondo ulertzen duela XXI. mendean prebentzioa zein garrantzitsua den. Ez gara ari prebentzioaz beldurretik edo debekutik, ebidentzia zientifikotik eta informaziotik baizik.
Gainera, komunitatearen estrategia global eta koherente bat du ardatz proiektu honek: Nafarroako Adikzioak Prebenitzeko Laugarren Plana. Benetan uste dugu tokian bertan egiten dugun lanak osatu eta indartu egiten dituela plan horren helburuak, egiaz erantzun praktikoak behar diren lekuetara eramanez prebentzioa, inor epaitu gabe.<0}
Apal eta ilusio handiz ekingo diogu bideari. Ongi asko ezagutzen dugu Hegoak Elkartearen ondarea, nolako maitasuna eta errespetua zien komunitateak. Gure asmoa ez da ordezkatzea, baizik eta haren espirituari jarraipena ematea, eguneratuz eta 2026ko Nafarroako errealitatera egokituz.
Baliabide erabilgarria izan nahi dugu Nafarroako gizartearentzat; erreferentzia-puntua, informatzeko, arriskuak eta kalteak murrizteko eta aisialdiaren kultura kontziente eta errespetuzkoagoa eraikitzeko.
Azkenik, Sare Elkarteari ere eskerrak eman nahi dizkiogu, bere etxean hartu gaituelako. Horri esker, badugu etengabe egoteko leku bat, jendea hurbil daitekeena informazio eta aholkularitza bila. Aipatu behar da sexu-osasunaren eta prebentzioaren arloan diharduela Sarek. Harreman honek sinergia oso interesgarriak sortuko ditu, erabiltzaileei zerbitzu osoagoa eta aberasgarriagoa eskainiko baitiogu.
Zuen esanetara gaituzue, edozein zalantza argitzeko. Eskerrik asko.




