tabakoa

Tabakoa (Nicotina Tabacum eta Nicotiana Rústica) landare bat da. Bere alkaloide nagusia nikotina da.

1. Konposaketa eta aurkezpena

Tabako-enpresa handiek hainbat substantzia gehitzen dizkiote tabakoari, eta prozesu kimiko horren ondorioz lortzen den produktua jatorrizkoa baino kaltegarriagoa da; izan ere, 200 gehigarri baino gehiago botatzen dizkiote, eta horietatik 100 inguru kantzerigenoak dira.

Gaur egun, tabakoa komertzializatzeko hainbat modu dago: zigarro-paketeak, puruak, biltzekoa edo pipan erretzekoa, eta tabako-hautsa (azken hori jada ez da ohikoa).

2. Dosiak eta administrazio bideak

Tabakoa hainbat modutan har daiteke: mastekatuz, esnifatuz (tabako-hautsa) edota errez.

Biriketan sartu eta 8 segundora, nikotina odolera heltzen da; eta 5 minuturen buruan, garunera. Nikotinaren ondorioek 5-10 minutu irauten dute.

3. Efektuak epe motzera

  • Maiztasun kardiakoa, arnas- erritmoa, arteria-presioa eta fluxu koronarioa handiagotzen ditu, eta ondorioz, bizkortze- sentsazioa eta estimulazioa eragiten ditu.
  • Ohiko erretzaileei erlaxazio eta ongizate sentsazioa eragiten die, abstinentzia-sindromea arintzen die eta.

4. Efektuak epe ertain eta luzera

  • Usaimena eta dastamena murrizten ditu. Arnasatsa eragin dezake. Hortzen esmaltea horitzen du, baita hatzak ere.
  • Arnas-aparatuko gaixotasunak eragin ditzake (katarroa, bronkitisa, bronkitis kronikoa, minbizia…), eta halaber gaixotasun kardiobaskularrak (bihotzekoak…).
  • Sistema immunologikoa ahultzen du apurka-apurka, eta ondorioz, erretzaileen bizi- kalitatea murriztu egiten da eta behar baino lehen hiltzeko arriskua areagotzen da. Noiztik erretzen den, zenbat zigarro erretzen diren, inhalazioaren sakontasunaren eta tabako- markaren araberakoa da hiltzeko arriskua.
  • Osteoporosia izateko arriskua handiagotzen du.
  • Tabakoa erretzeko ohiturarik ez dutenek nazkak eta zorabioak izaten dituzte erretzen dutenean. Ohiko erretzaileek, ordea, ez, tabakoarekiko tolerantzia garatzen baitute, eta erretzen dituzten zigarroen arteko tarteak laburtzen dituzte.
  • Abstinentzia-sindromea lehenengo 24 orduetan agertzen da eta hainbat sintoma eragiten ditu, hala nola nekea, suminkortasuna, kontzentratzeko zailtasuna, loezina, jateko gogo bizia, buruko mina…
  • Menpekotasun psikologikoak garrantzi handia duenez, abstinentzia-sindromeak egunak edo asteak iraun ditzake.

5. Elkarreraginak

Pilula antikontzeptiboak hartuz gero, bihotzekoa izateko arriskua hamar bider handiagotzen da.

 Kontuan izan ondorengo arrisku egoerak:

  • alergiarik, arnas aparatuko edo bihotzeko gaixotasunik edota tabakoaren eraginez larriagotu daitekeen gaixotasunik izatea.
  • haurdun edo edoskitze garaian egotea.
  • garapen adinean egotea.
  • kontsumoak kalte egitea edo arazoren bat sortzea.

Kontsumitzea erabaki baduzu…

  • C bitamina asko duten janariak jan itzazu, gorputzean haren maila konpentsatzeko.
  • Gogoan izan droga legala den arren ez dela arriskurik gabeko sustantzia bat.
  • Komeni da eguneko lehenengo zigarroa erretzeko momentua atzeratzea.
  • Hobe da ongi aireztatutako tokietan eta oso txikiak ez diren lekuetan erretzea.
  • Errespetatu erretzen ez duten pertsonen erabakia, haiek ere, kea dela eta, gaixotasun berdinak izateko arriskua dute, eta gogaikarria izan daiteke haientzat.
  • Gogoan izan light deritzon tabakoak nikotina gutxiago duela eta ondorioz gehiago erretzeko joera izan dezakezula. Hala izanez gero, kalte egiten duten substantzia gehigarri gehiago ere hartuko dituzu.
  • Zenbait teknika erabiltzea komeni da: zigarroak ez agortzea, inhalazio sakonak ez egitea, filtroak erabiltzea edo paper mehea hautatzea.
  • Astean tabakoa gastatuko duzun dirua muga dezakezu, hartara kontsumoa kontrolatuko duzu.
  • Kontuan izan tabakoak ez dizula loak hartzen lagunduko, estimulatzailea baita.

Informazio gehiago jaso dezakezu arriskuen murrizketari buruzko liburuxka orokorrarekin (RdR). Deskargatu hemen klik eginez.

Webguneko baliabideak atalean beste dibulgazio-material batzuk dituzu substantzien erabilerari eta arriskuen murrizketari buruz.

Envíaselo a alguien:
Share