konposatu nitrogenatuak
Popper, konposatu nitrogenatu ezberdinak izendatzeko erabiltzen den izen generikoa da. “Popper” izena onomatopeia bat da, amil nitritodun anpoileta apurtzean sortzen den zaratari erreferentzia egiten diona.
1. Konposaketa eta aurkezpena
Likido koloregabe edo garden-horixka sukoiak dira, usain berezia dute eta oso lurrunkorrak dira, hau da, giro-tenperaturan erraz igarotzen dira egoera likidotik gaseosora.
Girotzaile edo garbiketa produktu gisa merkaturatzen dira. Etiketan ez kontsumitzea gomendatzen da.
Anbar koloreko beirazko pote txikietan merkaturatzen dira.
Pototxoetan dagoen nitrito kopurua eta barietatea aldakorra da. Normalean poteak 9-30 ml artekoak izaten dira.
Konposatu ohikoenak honakoak dira: isoamilo nitritoa, isopropilo nitritoa, pentilo nitritoa, nitrito amiloa, eta butil nitritoa.
Beste konposatu batzuk ere izan ditzakete, hala nola isopropanola edo isopentanola.
Bere usain sendoa dela eta, ekoizleek usainak gehitu ahal dizkiete erabiltzaileei erakargarriago egiteko.
2. Dosiak eta administrazio bideak
Erabiltzeko modua substantziaren hegazkortasun handiak baldintzatzen du. Potoa ireki eta berehala sudur-zuloetako batean jartzen da, bestea estaliz, lurrunak arnasteko. Ostean potea berehala itxiko da lurrundu ez dadin. Inhalaziorako ekipamendu zehatza ere badago, maskara itxurakoa.
Biriketan sartu eta 10 bat segundora (nitrito motaren arabera aldatzen da) efektuak hasten dira, zeinak 15-30 segundu inguru irauten duten.
Normaltasun osora bi minuturen inguruan bueltatzen da.
Erabiltzaileen arabera, inhalazioaren intentsitatearen arabera efektuen intentsitatea eta iraupena aldatzen da.
Irentsiz gero, oso toxikoak dira. Digestio-aparaturako korrosiboak izateaz gain, odolaren hipooxigenaziokoadro larria (oxigeno-falta) sor dezakete, baita heriotza ere.
Larruazalarekin edo begiekin kontaktu zuzena duenean ere oso toxikoa da, eta erredurak eta narritadurak eragin ditzake.
Kontaktu bidez, kaltetutako eremuko zelulen DNAn kalteak eragin ditzake, gaixotasun neoplasikoak izateko arriskua areagotuz.
3. Efektuak epe motzera
- Efektuak aldatu egiten dira nitrito motaren, horien konbinazioaren eta dosiaren arabera. Kontuan izan behar da, halaber, ezaugarri pertsonalek (fisikoak, psikologikoak eta sozialak) zein inguruak eragina dutela efektuetan.
- Nerbio-sistema zentralaren estimulatzailea da, eta basodilatatzaile indartsua. Nitritoak arnasteak muskulu lauak erlaxatzen ditu, eta horrek aldi berean, odol-hodiak dilatatzea eragiten du. Hala, odol-fluxua areagotzen da, eta bihotz-lana eta oxigeno- kontsumoa gutxitu egiten dira.
- Hauek dira erreakzio fisiko ohikoenak: bihotz-erritmoa areagotzea, aurpegia, lepoa eta bularra gorritzea, izerdia buruan eta lepoan. Erekzioa izateko eta mantentzeko zailtasunak sor ditzake.
- Efektuak oso laburrak dira, bero sentsazioa bularrean eta buruan, eta euforia txiki bat.
- Euforia sentsazio hau dela eta, bere efektu basodilatatzailea eta muskulu leunen erlaxazioa (uzki esfinterrarenak eta baginarenak bezala) praktika sexual batzuetan erabili ohi da (estimulazio sentsorial atsegina areagotuz), penetrazioa erraztuz eta orgasmoaren intentsitatea handituz.
- Alboko efektu ohikoena buruko mina da. Zorabioa, takikardia, eta goragalea eta ere eragin ditzake. Ikusmen-arazoen kasuak ere erregistratu dira, baina arazo horiek desagertu egiten dira efektuekin batera.
4. Efektuak epe ertain eta luzera
- Gehiegizko erabilerak edo erabilera erregularrak sudurraren eta ezpainen inguruan larruazaleko arazoak izatea eragin dezake.
- Tolerantzia azkarra ere eragiten du, denbora-tarte labur batean behin eta berriz erabiltzen denean.
- Erabiltzaileen arabera, egun berean hainbat dosi hartzen badira, bilatzen diren efektuak mugatu egiten dira eta kontrako efektuak areagotu. Hala ere, erabiltzeari utzi eta egun gutxira, desagertu egiten da.
- Epe luzeko erabilerak mendekotasun psikologikoa ekar dezake, baina ez dago mendekotasun fisikoari buruzko txostenik edo abstinentzia-sintomarik.
5. Elkarreraginak
Efektuak oso laburrak direnez, beste substantzien efektuekin elkarreraginik ez egotearen uste faltsua eragin dezakete.
POPPER + BOTIKAK
Inpotentziaren aurkako botikekin batera erabiliz gero, kontrako efektu larriak sortzen dira (takikardia, zorabioa, buruko mina), eta tentsio- jaitsiera oso larriak eragin ditzake.
Bihotzeko gaixotasun batzuetarako erabiltzen diren beste farmako batzuekin nahastuz gero, hilgarria izan daiteke.
POPPER + ESTIMULATZAILEAK
Substantzia estimulatzaileekin batera erabiltzean (MDMA, Anfetamina, Metanfetamina, kokaina), sistema kardiobaskularrak ahalegin handiagoa egin behar izatea eragin dezake.
Bai sustantzia estimulatzaileen eta bai Popperraren dosia igo ahala, efektuen intentsitatea areagotuko da, baita arriskua ere.
POPPER + ALKOHOLA
Efektu hipotensorea eta euforia sentsazioa areagotu egiten da.
POPPER + GHB
Goragalea eta zorabioak izateko arriskua handitzen da.
Kontuan izan ondorengo arrisku egoerak:
- Bihotzeko gaixotasunen bat duten pertsonentzat, nitritoak arnastea hilgarria izan daiteke, takikardia eragiten duelako eta interakzioa eragiten duelako agindu ohi zaizkien sendagai basodilatatzaileekin.
- Nitritoren bati alergikoa izatea.
- Glaukoma, garuneko lesioak, bihotzeko edo arteria-presioko anomalia gisako osasun-arazoak izatea edo aurretik eduki izana.
- Haurdun edo edoskitze garaian egotea.
Kontsumitzea erabaki baduzu…
Aurretik
- Gehiegizko dosietan edo ohitu gabeko pertsonengan buruko min handia eragin dezake, baita beste konplikazio batzuk ere (zorabioa, takikardia, sinkopea).
- Kontsumitu aurretik, pototxo bakoitzaren osaerari buruzko informazioa irakurtzea, erreakzio alergikoak saihesteko eta gozamen eta arriskuak modu egokian kudeatzeko.
- Kontuan izatea salmenta legezkoa izan arren, ez duela osasun-kontrolik, salmenta ez baitago giza kontsumorako pentsatuta.
- Espazio eroso batean egotea, zerbaiti heltzeko edo non esertzeko aukera izatea, zorabioen aurrean azkar eta modu egokian erantzuteko.
- Leku egoki batean gordetzea. Deskonposatu egiten dira argiaren, beroaren edo oxigenoaren eraginpean.
Bitartean
- Kontuan izan konortea gal daitekeela korrika edo dantza egitea bezalako ahalegin fisikoak egiten badira.
- Kontuan izan mugimenduan edo jende askoren artean kontsumituz gero substantzia erori daitekeela.
- Nitritoak substantzia korrosiboak dira: azala ukituz gero, berehala garbitu behar da urarekin. Mukosak edo begiak ukituz gero, garbitu urez minutu batzuetan. Enbarazu egiten badizu, joan medikuarengana.
- Esfinterraren dilatazioak sarketa errazten badu ere, ohitu gabeko pertsonengan odola edo lesioak gerta daitezke.
- Sexu-harremanak badituzu, saihestu arrisku-praktikak. Erabili preserbatiboak edo ahozko hesiak transmisio genitaleko infekzioak (kandidak, herpesak, hepatitisa, GIB-hiesa, etab.) eta haurdunaldiak saihesteko.
- Pertsona batzuengan, erekzioa zailtzen edo eteten du , eta, beraz, preserbatiboa kontsumitu aurretik erabiltzea komeni da. Behin eta berriz erabiltzeak kontrako efektuak agertzea errazten du.
Ondoren
- Kontsumoak bereizten saiatzea. Kontuan izan kontrako efektuak izateko arriskua handitu egiten dela etengabe kontsumituz gero.
Informazio gehiago jaso dezakezu arriskuen murrizketari buruzko liburuxka orokorrarekin (RdR). Deskargatu hemen klik eginez.
Webguneko baliabideak atalean beste dibulgazio-material batzuk dituzu substantzien erabilerari eta arriskuen murrizketari buruz.