farlopa, perika…
Koka-landareak dituen 17 alkaloideetako bat da kokaina. Kimikoki benzoilmetilekgonina deritzo.
1. Konposaketa eta aurkezpena
Parranda-giroan kokaina-klorhidratoa da ohikoena. Hauts zuriaren itxura du, eta gehienetan kristalizatua dago.
Honakoekin aizunduta egon daiteke: fenazetinarekin, kafeinarekin, benzokainarekin, lidokainarekin edo parazetamolarekin, bai eta azukre gehigarriekin eta erreakzioak sortutako zikinkeriekin ere. Hortaz, purutasun-maila asko alda daiteke. 2019an jasotako laginen arabera, esaterako, % 88ko purutasun-maila izan du, batez beste (Ai Laket!! elkarteak EAEn egindako analisien araberako datuak).
Kokaina-klorhidratoaz gain, honako itxura hauekin ere aurkitu daiteke:
Koka-hostoa: herrialde ekoizleetan aurkitzen da. Hauen kontsumoa herrialde horietako kulturan errotuta dago.
Koka-orea: tarteko substantzia da. Jatorrian erabiltzen da, gainerako deribatuak egiteko. Koka-sulfatoa edo bazuco ere esaten zaio.
Kokaina-basea eta cracka: koka-oretik eta kokaina- klorhidratotik sortzen dira. Kristal edo harri txikien itxura dute. Erre eta kea arnasten da. Nahasmendu handia dago bi terminoen artean; izan ere, izen bat edo bestea erabiltzen da prozesu kimikoaren arabera, purutasunaren arabera, itxuraren arabera eta abar. Hortaz, ez da gomendagarria izenarengatik bakarrik sustantia horren ezaugarriak jakintzat ematea.
2. Dosiak eta administrazio bideak
Europan kokaina-klorhidratoa hartzeko biderik ohikoena sudurretik sartzea (esnifatzea) da. Beste bide batzuk erretzea edo zainetik sartzea dira.
Batez besteko dosia 50 mg da.
3. Efektuak epe motzera
- Kokainaren ondorioak ez dira beti berberak. Hainbat alderdik du eragina: zenbateko dosia hartzen den, non-nola hartzen den, aldarte onean ala txarrean egon bitartean hartzen den, zer espero den eta pertsona nolakoa den.
- Kokainak nerbio-sistema zentrala estimulatzen du, eta ezaugarri anestesiko lokalak ditu. Kontsumitu eta minutu gutxira eraginak nabaritzen dira.
- Efektupean, arreta, euforia eta estimulazioa areagotzen dira. Errendimendu intelektuala eta eskulanak egiteko trebetasuna hobetzen dira. Energia handia sentitzen da, eta nekea, logura eta gosea murriztu egiten dira. Gozamen eta ongizate sentsazio handia ere eragin ditzake.
- Bestalde, antsietatea handitzen du. Hala, gehiago edatera, erretzera eta hitz egitera bultza zaitzake.
- Ohiko dosi baten ondorioek 30 minutu inguru irauten dute. Gero, besteak beste, honako sintoma hauek agertuko dira: apatia, nekea eta berriz hartzeko gogoa.
- Substantzia horrek odol- hodiak uzkurtzeko indarra du. Ondorioz, arteria-presioa handitu daiteke eta takikardiak eragin ditzake.
- Gorputzeko tenperatura eta arteria-presioa handitu egiten dira, begi-niniak dilatatzen dira, eta hortzak klaskatzeko joera eragin dezake.
4. Efektuak epe ertain eta luzera
- Sintoma ohikoenak honako hauek dira: suminkortasuna, logale izatea, nekea, apetitu eza eta “craving” delakoa (berriro hartzeko gogoa).
- Kokaina sarri hartzen duten pertsonen artean, albo-ondorio hauek dira ohikoenak: giharretako mina eta sabelaldeko mina, sexu- desira murriztea, gorabeherak hilerokoan, loezina eta apatia. Nahaste depresiboak, paranoiak eta abar ere ager daitezke.
- Kokainak aise eragiten du tolerantzia, handia gainera. Halaber, menpekotasuna sortzeko ahalmen psikiko handia duenez, zaila da menpekotasuna dugula onartzea.
5. Elkarreraginak
KOKAINA + ALKOHOLA
Bi substantzia horiek kontrako ondorioak izaten dituzte nerbio-sistema zentralean. Nahasketa gibelera iristean, hirugarren substantzia bat sortzen da: kokaetilenoa, hain zuzen ere. Substantzia horrek nahasketaren toxikotasuna handitu, eta gibeleko arazoak izateko arriskua areagotzen du.
Kontuan izan hurrengo arrisku egoerak:
- gaixotasun mentalak izatea.
- gibeleko, pankreako edo bihotzeko arazoak izatea.
- sendagaiak hartzen aritzea.
- haurdun edo edoskitze garaian egotea.
- arriskuko edo arreta handiko zer edo zer egin behar izatea, esate baterako, gidatzea.
- hazteko adinean egotea.
Kontsumitzea erabaki baduzu…
Aurretik
- Hartu baino lehen, substantziaren berri jakitea komeni da, gozamena eta arriskuak zuk zeuk neurtzeko.
- Informazioa eskuratzeko bide ona Ai Laket!! elkarteko programetara jotzea da.
- Substantziari buruzko informazioa emango dizugu, bai eta dosiari buruzkoa ere, printzipio aktiboaren kopurua, aizunketa…
- Kontsumoa planifikatzea da onena. Mugak ezarri, eta bete itzazu. Horretarako, hobe da hartu nahi duzuna baino gehiago ez eramatea soinean; are gehiago, kreditu-txartela etxean uztea.
- Bestelako aisialdi jarduera batzuk egiteak kontsumoak gehiago tartekatzen lagunduko dizu.
- Kokaina ongi txikitu, sudurreko zauriak eta hemorragiak saihesteko.
Bitartean
- Erabili zure turutoa eta ez utzi beste inori. Hartara, gaixotasunak kutsatzeko arriskua murriztuko da (gripea, C hepatitisa,…).
- Txandakatu sudurzuloak, sudur-trenkada hainbeste ez kaltetzeko.
- Gogoan izan kokainak antsietatea sortzen duela, eta horrek modu konpultsiboan kontsumitzera bultza zaitzakeela.
- Tabakoarekin eta alkoholarekin nahastean, gogoan izan horiek gehiago kontsumitzeko joera izango duzula, eta ondorioz, aje handiagoa izango duzula, eta osasunari ere kalte handiagoa egingo diozula.
- Kokainaren eraginpean sexu harremanak badituzu erekzioa izatea eta orgasmora heltzea zailagoa izan daiteke. Erabili kondoiak haurdun ez geratzeko eta sexu-transmisiozko infe- kziorik ez harrapatzeko (kan- didak, herpesak, hepatitisa, GIB-hiesa eta abar). Kondoia erabiltzearen erantzukizuna zuri dagokizu, ez beste inori. Ez utzi beste inoren eskutan.
- Kalte egin badizu komeni da norbaitekin egotea, ongi aireztatutako toki lasai batean, likidoak hartzea eta lasai egotea.
Ondoren
- Gogoratu sudurzuloak garbitzeaz, itsatsitako hondarrak kentzeko.
- Gogoratu galdutako mantenugaiak berreskuratzeko elikagai egokiak hartzeaz, bereziki hala nola bitamina eta kaltzio asko dutenak.
- Gerta liteke hurrengo egunean nekatuta eta ozpinduta egotea. Saiatu, beraz, erabaki garrantzitsurik ez hartzen.
- Kokaina-dosia hartu eta 12-24 orduz igartzen da odolean, 2 edo 3 egunera gernuan eta 5-12 ordura listuan. Datu horiek gutxi gorabeherakoak dira; izan ere dosiaren edo norberak drogaren arrastoak ezabatzeko duen ahalmenaren arabera aldatu egiten dira.
- Gogoan izan kalean kokaina edukitzeak edo hartzeak 600 euro edo gehiagoko isuna dakarrela. Trafikatzeak, saltzeak edo banatzeak kartzela-zigorra dakar (2015/4 martxoaren 30eko Hiritar Segurtasunaren Babeserako Lege Organikoaren arabera).
Informazio gehiago jaso dezakezu arriskuen murrizketari buruzko liburuxka orokorrarekin (RdR). Deskargatu hemen klik eginez.
Webguneko Baliabideak atalean beste dibulgazio-material batzuk dituzu substantzien erabilerari eta arriskuen murrizketari buruz.