keta, special k…
Ketaminaren konposizioa 2-(o-clorofenil)-2- metilaminociclohexanona da. Arilciclohexilaminen familiako substantzia sintetiko bat da.
1. Konposaketa eta aurkezpena
Prestakin farmazeutikoa likidoa da (ketolar, ketaminol…), eta likido eszipientea lurrunduz, hauts zuri formatua du.
Ketamina-laginek ez dute aizunketarik izan ohi, eta batez besteko kontzentrazio-maila % 90etik gorakoa da (Ai Laket!! elkarteak EAEn egindako analisien araberako datuak).
2. Dosiak eta administrazio-bideak
Normalean sudurretik hartzen da.
Erabilera ludikoan, dosi txikiak 15-30 mg artekoak dira (gutxi gorabehera 0,3 mg/kg pisuko) eta dosi ertainak 30-60 mg artekoak. Dosi handiak 60-125 mg artekoak dira eta horiek gainditzeak areagotu egin ditzake izan nahi ez diren ondorioak.
Ahotik ere har daiteke, ur- disoluzioa edanez, baita muskulu barneko injekzio bidez ere. Bide hauetatik dosiak desberdinak dira, beraz, hartu aurretik ondo informatu.
3. Efektuak epe motzera
- Ketaminaren ondorioak ez dira beti berdinak. Hainbat faktorek dute eragina: zenbateko dosia hartzen dugun, non-nola hartzen dugun, aldarte onean edo txarrean gauden, zer espero dugun, eta gu geu nolakoak garen.
- Anestesiko bat da, disoziazioa eragiten duena.
- Dosi txikitan, berehalako ondorioa hasierako euforia da, eta gutxi irauten du. Gorputzaren, gogamenaren eta ingurunearen arteko harreman berri bat ezartzen du, “flotatzearen” sentsazioa eragiten du eta zentzumenak distorsionatzen ditu. Alkoholaren antzeko ondorioak ere eragiten ditu, hala nola ikusmen lausoa eta koordinazio falta.
- Dosi ertainetan, disoziazio- sentsazioa areagotu egiten da eta ondorio anestesikoa nabarmendu egiten da. Alterazio sentsorialak gerta daitezke, hala nola ikusmena eta entzumena desitxuratzea, nork bere gorputzari buruzko pertzepzio arrotzak izatea eta neurri txikiagoan, haluzinazioak izatea.
- Dosi handitan (100mg-tik gora), K-Hole bezala ezagutzen diren bikoizketa-gertakariak ager daitezke (gorputzaren beraren abandonu fisikoaren sentsazioa). Koordinazio eza, introspekzio handia eta mugitzeko eta hitz egiteko zailtasun handia nabaritu daiteke.
- Maila fisikoan, maiztasun kardiakoa handiagotu egiten da eta ondorioz takikardia eragin dezake. Hanketako dardara txikiak izan daitezke, eta, berebat, zorabioak eta goitikakoak. Dosia handituz gero, arnas depresio iragankor bat sor daiteke.
4. Efektuak epe ertain eta luzera
- Ohiko kontsumoak oroimen-nahasmenduak eragin ditzake; hala ere, desagertu egin ohi dira kontsumoa eteten bada.
- Gehiegizko kontsumoak arazo psikologikoak eragin ditzake, antsietatea, depresioa edo psikosia, esaterako. Nahiz eta behar bezala dokumentatuak ez dauden, ikusmen- edo giltzurrun- arazoak ere ager daitezke.
- Tolerantzia handia duten pertsonek arazoak izan ditzakete anestesia osoa edo lokala erabiltzen den ebakuntzetan. Horregatik, gomendagarria da osasun-langileak jakinaren gainean jartzea.
- Ketaminak tolerantzia handia eta azkarra sortzen du, eta adikzio-gaitasun psikiko handia dauka.
5. Nahastearen ondorioak
KETAMINA + ALKOHOLA
Alkoholarekin, depresio-ondorioak eta horiei lotutako arriskuak areagotzen dira. Gauza bera gertatzen da beste depresore batzuekin nahastuz gero (lasaigarriak, opiazeoak, GHB…).
KETAMINA + ESTIMULATZAILEAK
Bizigarriekin nahastuz gero, bi substantzien efektuak gainjartzen dira. Estimulazioa nagusitzen da, baina erortzeko edo istripuak izateko arriskua dago, motrizitatearen kontrol faltagatik. Dosifikazioa zailtzen da, eta arriskuak eta nahi ez diren ondorioak ere areagotu egiten dira.
Kontuan izan hurrengo arrisku egoerak:
- gaixotasun mentalen bat baduzu.
- gibeleko, pankreako edo bihotzeko arazoak badituzu.
- sendagaiak hartzen ari bazara.
- haurdun bazaude edo bularra ematen ari bazara.
- arriskuko edo arreta handiko zer edo zer egin behar baduzu, esate baterako, gidatu egin behar baduzu.
- hazteko adinean bazaude.
Kontsumitzea erabaki baduzu…
Aurretik
- Hartu baino lehen, substantziaren inguruko informazioa izatea komeni da, gozamena eta arriskuak hobeto kudeatzeko.
- Informazioa eskuratzeko bide ona Ai Laket!! elkarteko programetara jotzea da. Substantziari berari buruzko informazioa emango dizugu, bai eta dosiari buruzkoa ere, printzipio aktiboaren kopurua, aizunketa…
- Kontsumoa planifikatzea garrantzitsua da. Mugak ezarri, eta bete itzazu.
- Ongi txikitu, sudurreko zauriak eta hemorragiak saihesteko.
Bitartean
- Erabili zure turutoa eta ez utzi beste inori. Hartara, gaixotasunak kutsatzeko arriskua murriztuko duzu (gripea, C hepatitisa,…).
- Txandakatu sudurzuloak, sudur-trenkada hainbeste ez kaltetzeko.
- Ketaminaren dosia ezin da speed-aren edo kokainaren dosiarekin alderatu, gogoan izan dosifikazio handi batek desatseginak izan daitezkeen efektuak eragin ditzakeela.
- Tolerantziak esperientzia psikodelikoa txikitzea eragiten du, kontsumoaldiak bakanduz hura berreskuratzea lortuko duzu, dosia handitu beharrik gabe.
- Erreflexuetan, orekan… eragindako ondorioak direla eta, errazagoa da erorketak, zauriak eta lesioak izatea. Gomendagarria da ingurune ez seguruak saihestea eta mugimenduen gaineko kontrol handia eskatzen duten jarduerak beste momentu baterako uztea.
- Ketaminaren eraginpean sexu harremanak badituzu, erekzioa izatea eta orgasmora heltzea zailagoa izan daiteke. Erabili kondoiak haurdun ez geratzeko eta sexu-transmisiozko gaixotasunik ez harrapatzeko (kandidak, herpesak, hepatiti- sa, GIB-hiesa eta abar). Kondoia erabiltzeko erantzukizuna zuri dagokizu, ez beste inori. Ez utzi beste inoren eskutan.
- Kalte egin badizu, garrantzitsua da lasaitasuna mantentzea. Joan zaitez zaratarik eta argirik ez dagoen toki lasai batera, konfiantzazko lagunekin, eta hartu arnasa astiro eta sakon. Egoerak hobera egiten ez badu, eskatu laguntza. Beharrezkoa dela uste baduzu, deitu 112 telefonora.
Ondoren
- Gogoratu sudurzuloak garbitzen, itsatsitako hondarrak kentzeko.
- Gerta liteke hurrengo egunean nekatuta eta suminkor egotea. Saiatu, beraz, erabaki garrantzitsurik ez hartzen.
- Ketamina dosi bat hartu eta 24 orduz detektatzen da odolean eta 4 egunera gernuan. Datu horiek gutxi gorabeherakoak dira; izan ere dosiaren edo norberak drogaren arrastoak ezabatzeko duen ahalmenaren arabera aldatu egiten dira.
- Gogoan izan ketamina justifikaziorik gabe edukitzeak edo kalean hartzeak 600 euro* edo gehiagoko isun-zigorra dakarrela. Trafikatzeak, saltzeak edo banatzeak kartzela-zigorra dakar.
*(2015/4 martxoaren 30eko Hiritar Segurtasunaren Babeserako Lege Organikoaren arabera).
Informazio gehiago jaso dezakezu arriskuen murrizketari buruzko liburuxka orokorrarekin (RdR). Deskargatu hemen klik eginez.
Webguneko baliabideak atalean beste dibulgazio-material batzuk dituzu substantzien erabilerari eta arriskuen murrizketari buruz.