zaldia, jakoa…

Diazetilmorfina edo heroina substantzia erdisintetikoa da. Opiazeo bat da; opiotik morfina ateratzen da eta haren azetilaziotik abiatuta lortzen da heroina.

1. Konposaketa eta aurkezpena

Hauts zuri edo marroi itxura du, jatorriaren arabera.

Aizunketa handiena izan ohi duen substantzia da, normalean kafeinarekin eta

parazetamolarekin nahasten da eta, neurri txikiagoan, beste substantzia batzuk ere ager daitezke, hala nola kaltzio sulfatoa, kaltzio karbonatoa eta azido borikoa. Laginen batez besteko purutasun-maila % 11koa da.*

* Ai Laket!! elkarteak EAEn egindako analisien araberako datuak.

2. Dosiak eta administrazio bideak

Atsegin hartzeko guneetan heroina hartzeko modurik ohikoena erretzea edo sudurretik (esnifatua) hartzea da. Batez besteko dosia 15 mg dira eta sekula ez luke izan behar 250 mg baino handiagoa, heriotza eragin bailiezaieke tolerantziarik ez duten pertsonei.

Zainetik sartzea, duela urte batzuk hain hedatua zegoena, egonkortu egin da, nahiz eta ez den ohikoa aisia-guneetan.

3. Efektuak epe motzera

  • Heroinaren ondorioak ez dira beti berdinak. Hainbat alderdik du eragina: zenbateko dosia hartzen den, non-nola hartzen den, aldarte onean edo txarrean egon bitartean hartzen den, zer espero den eta pertsona nolakoa den.
  • Nerbio-sistema zentralaren depresorea da heroina, eta propietate analgesikoak ditu. Erreta edo sudurretik sartuta hartuz gero, minutu gutxiren buruan nabaritzen dira haren ondorioak.
  • Hartu ondoren, eta dosi txiki batekin, euforia eta ondorio analgesikoa eragiten ditu berehala, lasaitasuna eta ongizatea sentituz, eta aldi berean, nerbio-sistema zentralaren depresioa eragiten du, pultsua eta arnas-erritmoa mantsotuz.
  • Kontsumoak goitikakoak eta sabeleko minak eragin ohi ditu, batez ere tolerantzia txikia duten pertsonei.
  • Dosi ertainetik handira igaroz gero, ameskizun-egoera etengabe batetik aldizkako amets-egoera batera pasatzen da.
  • Fisikoki, bero-sentsazioa, azkura arinak eta txizagura (txiza egiteko nolabaiteko ezintasuna izan arren) eragiten ditu. Halaber, begi-niniak nabarmen uzkurrarazten ditu.

4. Efektuak epe ertain eta luzera

  • Ohiko kontsumoetan, albo- ondorioek organismoaren defentsak murrizten dituzte eta desdoitze hormonala eragiten dute, zeinaren ondorioz gerta baitaiteke: pisua nabarmen galtzea, osteoporosia garatzea, libidoa txikiagotzea edota hilerokoaren zikloa aldatzea.
  • Arlo psikologikoan, ohikoak dira depresio- eta antsietate- arazoak, eta, orobat, nortasun- nahasmenduak. Gaixotasun horiek, substantziari berari baino, adikzio-prozesuari daude lotuago.
  • Heroinak tolerantzia handia eta berehalakoa eragiten du, eta mendekotasun psikikoa eta fisikoa eragiteko ahalmen handia du.
  • Denbora gutxian zehar egunero hartzeak mendekotasun fisikoa eragiten du, eta hala agertzen da abstinentzia-sindromea: goragaleak, goitikakoak, zorabioak, dardarak, antsietatea… Kontsumoa etetean gertatzen da hori, eta egunak edo asteak iraun ditzake, mendetasun-mailaren arabera.

5. Elkarreraginak

HEROINA + ALKOHOLA

Alkoholarekin batera hartuz gero, goragaleak areagotu egiten dira eta litekeena da goitika egitea. Horrez gain, biak ala biak depresoreak direnez, ondorio hori indartu egiten da bizi-funtzioetan.

HEROINA + ESTIMULATZAILEAK

Estimulatzaileekin batera hartuta, euforia-puntu bat lortzen da, eta horrek ondorio lasaigarriak indargabetzen laguntzen du. Bi substantziok batera hartzeak, normalean, biak gehiago kontsumitzera darama, arriskuak ere handituz.

Kontuan izan ondorengo arrisku egoerak:

  • gaixotasun mentalak izatea.
  • gibeleko, pankreako edo bihotzeko arazoak izatea.
  • sendagaiak aritzea.
  • haurdun edo edoskitze garaian egotea.
  • arriskuko edo arreta handiko zer edo zer egin behar izatea, esate baterako, gidatzea.
  • hazteko adinean egotea.

Kontsumitzea erabaki baduzu…

Aurretik

  • Substantziaren berri jakitea komeni da, gozamena eta arriskuak zuk zeuk neurtzeko.
  • Informazioa eskuratzeko bide ona Ai Laket!! elkarteko programetara jotzea da. Substantziari berari buruzko informazioa emango dizugu, bai eta dosiari buruzkoa ere, printzipio aktiboaren kopurua, aizunketa…
  • Kontsumoa planifikatzea da onena. Mugak ezarri, eta bete itzazu.
  • Tristurari, loezinari edo beheraldiei aurre egiteko hartzen bada, gogoan izan aise handitu daitekeela haren kontsumoa, denbora gutxian mendetasuna sortuz.
  • Planifika eta neur itzazu aldez aurretik lortu nahi dituzun ondorioak. Gogoan izan, errez gero, segundo gutxiren buruan nabaritzen direla ondorioak, oso biziak direla eta segundo gutxi irauten dutela.

Bitartean

  • Kalkula ezazu dosia, heroinaren arrisku handienetako bat gaindosia gertatzea da: koma-egoerara eraman zaitzake eta bihotzekoa eragin.
  • Zainetik sartzea da heroina hartzeko modurik arriskutsuena eta erasotzaileena. Erabilera seguruagoa egiteko, galdetu ezazu zerbitzu hori ematen duten informazio-guneetan.
  • Erabili zure turutoa eta ez utzi beste inori. Hartara, gaixotasunak kutsatzeko arriskua murriztuko da (gripea, C hepatitisa…)
  • Txandakatu sudurzuloak, sudur-trenkada hainbeste ez kaltetzeko.
  • Heroinaren eraginpean sexu harremanak badituzu, erekzioa izatea eta bi sexuetan orgasmora heltzea zailagoa izan daiteke. Erabili kondoiak edo aho-hesiak haurdun ez geratzeko eta sexu- transmisiozko infekziorik ez harrapatzeko (kandidak, herpesak, hepatitisa, GIB-hiesa eta abar). Kondoia erabiltzearen erantzukizuna zuri dagokizu, ez beste inori. Ez utzi beste inoren eskutan.
  • Goza ezazu zure kontsumoa kontrolatuz, kulparik sentitu gabe eta zeure burua eta ingurunea errespetatuz.

Ondoren

  • Gogoratu kontsumitu ondoren sudurzuloak garbitzen, itsatsitako hondarrak kentzeko.
  • Gogoratu galdutako mantenugaiak eta kaloriak berreskuratzeko elikagai egokiak hartzen, hala nola bitamina eta kaltzio asko dutenak.
  • Baliteke hurrengo egunean nekatuta eta suminkor egotea.
  • Heroina-dosi bat hartu eta 12- 24 orduz igartzen da odolean, 2 edo 4 egunera gernuan eta 1-2 egunera listuan. Datu horiek gutxi gorabeherakoak dira; izan ere dosiaren edo norberak drogaren arrastoak ezabatzeko duen ahalmenaren arabera aldatu egiten dira.
  • Gogoan izan heroina justifikaziorik gabe edukitzeak edo kalean hartzeak 600 euro* edo gehiagoko isun-zigorra dakarrela. Trafikatzeak, saltzeak edo banatzeak kartzela-zigorra dakar.

*2015/4 martxoaren 30eko Hiritar Segurtasunaren Babeserako Lege Organikoaren arabera.

Informazio gehiago jaso dezakezu arriskuen murrizketari buruzko liburuxka orokorrarekin (RdR). Deskargatu hemen klik eginez.

Webguneko baliabideak atalean beste dibulgazio-material batzuk dituzu substantzien erabilerari eta arriskuen murrizketari buruz.

Envíaselo a alguien:
Share