porruak, txirriak, maria,…

Kanabisa (Cannabis sativa) landare bat da, eta propietate psikoaktiboak ditu.

1. Konposaketa eta aurkezpena

Kanabisa 200 substantzia naturalek baino gehiagok osatzen dute, eta horietatik 100, gutxi gorabehera, cannabinoideak dira. Hiru hauek dira garrantzitsuenak: THC, CBN eta CBD.

THC: kanabinoide honek du eragin psikoaktibo handiena.

CBN: eragin erlaxagarriak ditu.

CBD: aurreko bien psikoaktibitatea jeisten du.

Marihuana/Maria: kalamuaren landare emearen hostoak, zurtoinak eta lore helduen kukuluak dira. Marihuanaren % 2 eta %20 artean THC da. Aizunduta egotekotan, landarearen gainerako zatiekin egon ohi da.

Haxixa/Kostoa/Txokolatea: Marihuana emearen loreetatik ateratako erretxina da. Haxixak %15 eta %65 arteko THC maila du, baina kosto arruntaren edo komertzialaren CBN eta CBD proportzioa ere handiagoa da, eta horregatik psikoaktibitate maila txikiagoa da eta eragin lasaigarri handiagoa du. Baliteke harea, kaltzita, eta beste landare batzuen polen eta erretxinarekin nahastuta egotea.

Erauzketak: Marihuanatik ateratzen diren kontzentrazioak dira. %25 eta %86-eko THC kontzentrazioa dute.

2. Dosiak eta administrazio bideak

Erreta, ondorioak minutu gutxira agertzen dira eta, gutxi gorabehera, ordubete irauten dute. Intentsitatea hiru faktoreren araberakoa izango da: inhalazioaren sakontasuna, keak birikietan ematen duen denbora, eta kanabisaren beraren psikoaktibitatea, zeinaren % 90 errekuntzan bertan ezereztu baitaiteke.

Lurrundu eskero, eraginak segundu gutxietan azaltzen dira eta ordu bete inguru irauten dute. Kanabisari erreta baino probetxu gehiago ateratzen zaio, errekuntzarik ez dagoenez zati baten suntsiketa ekideten delako. Gainera arnas bideak babesten dira eta ez da tabakoarekin nahastu behar bere erabilerarako.

Janda, ondorioak geroago agertzen dira, biziagoak dira eta gehiago irauten dute. Dosia eta ondorioak kontrolatzea zailagoa da, nahiz eta eskarmentu handia izan. Gibelean metabolizatzen da.

3. Efektuak epe motzera

  • Kanabisaren ondorioak ez dira beti berberak. Hainbat alderdik du eragina: zenbateko dosia hartzen den, non-nola hartzen den, aldarte onean ala txarrean egon bitartean hartzen den, zer espero den eta pertsona nolakoa den.
  • Gozamen-sentsazioa,  euforia arina eta lasaitasuna eragiten ditu, eta antsietatea ere gutxitzen du. Sormena areagotu dezake. Honelakoak gertatzen dira: erlaxazioa, aldarte-aldaketak, sentikortasun handiagoa estimuluei dagokienez (entzumena, ukimena), zapore, denbora eta espazioaren pertzepzioaren distortsioa. Gauzen alde barregarria ikustea errazten du.
  • Beste ondorio hauek ere ohikoak dira: eztarria eta ahoa lehorrak izatea, begiak gorrituta, gorputz-tenperatura pixka bat jaistea, presio arteriala jaistea eta takikardia izatea, koordinazioa galtzea, erreflexuak moteltzea, berehalako memoriaren nahaste arinak, hitz-jarioa gutxitzea. Motibazioa galtzea ere eragin lezake.
  • Zenbait kasutan, neurriz kanpoko izua edo gehiegizko logura ager daitezke. Zenbaitengan errazago eragin dezake kontrol ezaren sentsazioa edo/eta urduritasuna.

4. Efektuak epe ertain eta luzera

  • Batzuei antsietatea, depresioa eta paranoiak eragin diezazkieke, baina normalean desagertu egiten dira kontsumitzeari uzten zaionean. Tolerantzia sortzen duen sustantzia da, hau da, efektu berdinak lortzeko gero eta kantitate gehiago behar da. Mailaz mailako kontsumoaren igoera horrek dependentzia psikologikoa sortu dezake.
  • Erabilera kronikoak pertsonen hormonen maila jaistea ekar dezake. Gizonezkoetan esperma-ekoizpena gutxitzen da, eta emakumezkoetan hilekoari eragin diezaioke. Erreta hartuz gero, arnas-konplikazioak egon daitezke, hala nola bronkitisa, faringitisa eta gaixotasun larriagoak ere bai.
  • Kanabisak ez du menpekotasun fisikorik sortzen, eta ez dago gaindosirako arriskurik; halere, pertsona batzuek menpekotasun psikologikoa garatzen dute, eta horrela zailagoa da uztea.

5. Elkarreraginak

Tabakoarekin nahastuta erretzen badugu, bi substantzia desberdin izango dira kontuan hartu beharrekoak, tabako industriala baita mendekotasuna sortzen duten substantzien artean indartsuenetariko bat.

KANNABISA+ ALKOHOLA

Alkoholarekin nahastuta hartuz gero, areagotu egiten dira tentsio-jaitsierak eta zuribioak (blankoiak) izateko aukerak.

Kontuz ibili behar da haluzinogenoekin nahasten bada; ondorioak handiagoak izan litezke, eta nahi baino esperientzia gogorragoa izan daiteke.

Kontuan izan hurrengo arrisku egoerak:

  • arazo psikologikoak izatea edo tratamenduan egotea.
  • arnas aparatuko edo bihotzeko gaixotasunik zein epilepsia izatea.
  • bolada txarra edo ezegonkortasun emozional larria izatea.
  • haurdun edo edoskitze garaian egotea.
  • arriskuko edo arreta handiko zer edo zer egin behar izatea, esate baterako, gidatu edo makinaren bat erabili.
  • garapen adinean egotea.
  • kontsumoak kalte egitea edo arazoak sortzea.

Kontsumitzea erabaki baduzu…

Aurretik

  • Substantziaren berri jakitea komeni da, gozamena eta arriskuak zuk zeuk neurtzeko.
  • Aukeratu momentu egokia. Izan hori gogoan, adibidez, ikasi edo gidatu behar baduzu.
  • Zuk zeuk erabakitzen duzu; porru bat pasatzen dizutenean, ez duzu zertan erre behar.
  • Kontuan hartu ez dela gomendagarria onddoak dituen marihuana kontsumitzea/erretzea (oidioa, botritisa). Hauek hezetasunarekin azaltzen dira eta kukuluak aztertzean antzeman daitezke.

Bitartean

  • Erretzeko garaian kotoizko ahokoak erabiltzea komeni da, alkaternaren eta beste substantzia kaltegarri batzuen kantitatea gutxitzeko.
  • Gogoan hartu marihuana psikoaktibitate-maila altuko substantzia dela. Gainera azken urteetan marihuanaren genetikaren joera psikoaktibitatea handitzea da. Pasteletan eta beste produktu batzuetan nahastuta jaten baduzu, gogoan izan denbora behar duela eragina izateko, “igotzeko”; pazientzia izan, dosifikatu eta itxaron ondorioak nabaritu arte.
  • Kalte egin badizu tentsio- jaitsierak, zorabioak edo gonbitoak izan daitezke. Errezago gertatzen da janez hartzen bada (pastelak eta abar), dosi handietan, sabela hutsik dagoela hartzen  bada edo alkoholarekin nahasten bada. Horrelakorik gertatuz gero, ez ezazu pertsona hori bakarrik utzi, lagundu leku lasai batera, eta gogoratu ondorioak laster pasatuko direla. Zerbait goxoa hartzea lagungarri izan daiteke. Beharrezkoa bada, etzan pertsona hori luze, hankak altxatuta dituela, eta gonbitoka has daitekeenez, burua alde batera jarrita.
  • Lurruneztagailuak erabili ahal dituzu. Kanabisa modu kontrolatuan berotuta, kanabinoideak arnastu ahalko dituzu errekuntzarik gabe eta kerik sortu gabe, eta horrela arnas-aparatuko kalteak gutxituko dituzu.

Ondoren

  • Komeni da kontsumoan atsedenaldiak egitea. Tolerantzia gutxitu egiten da; hartara gozamenak areagotuko dituzu eta arriskuak txikiagoak izango dira.
  • Jakin ezazu kontsumitu ondorengo 5-36 orduko tartean, segun eta zenbat hartzen duzun, odolean antzeman daitekeela, 3-10 egunez gernuan, eta 36 ordura arte listuan. Datu horiek gutxi gorabeherakoak dira; izan ere dosiaren edo norberak drogaren arrastoak ezabatzeko duen ahalmenaren arabera aldatu egiten dira.
  • Gogoan izan kalean kanabisa edukitzeak edo hartzeak 600 euro edo gehiagoko isuna dakarrela. Trafikatzeak, saltzeak edo banatzeak kartzela-zigorra dakar. Ikusgarria den tokietan landatzea ere propio debekatuta dago (2015/4 martxoaren 30eko Hiritar Segurtasunaren Babeserako Lege Organikoaren arabera).

Informazio gehiago jaso dezakezu arriskuen murrizketari buruzko liburuxka orokorrarekin (RdR). Deskargatu hemen klik eginez.

Webguneko baliabideak atalean beste dibulgazio-material batzuk dituzu substantzien erabilerari eta arriskuen murrizketari buruz.

Envíaselo a alguien:
Share