kafeina

Kafeina xantinen familiako alkaloide psikoaktibo bat da eta 100 landare-espezietan baino gehiagotan aurkitzen da.

1. Konposaketa eta aurkezpena

Hainbat edariren printzipio aktiboetako bat da, hala nola kafearena, tearena, matearena, guaranarena, kakaoarena, freskagarriena eta edari energetikoena.

Substantzia bereizi gisa, kafeina kristal-hauts zuria da, zapore oso mingotsekoa. Askotan beste substantzia estimulatzaile batzuk aizuntzeko erabiltzen da, adibidez, speed-a (laginen %76k kafeina dute) eta, neurri txikiagoan, kokaina(%21k)*.

Gaur egun, munduan gehien kontsumitzen den droga da, eta, beharbada, mendekotasuna garatzen duten pertsona kopuru handiena sortzen duena.

* Ai Laket!! elkarteak EAEn egindako analisien araberako datuak.

2. Dosiak eta administrazio bideak

Normalean ahotik hartzen da, kafeina duten edariak edanez. Alabaina, konprimatutan ere har daiteke.

Gutxieneko dosi aktiboa 200mg-koa da, gutxi gorabehera kafe luze arrunt batean dagoen kantitatea, hain zuzen. Gramo eta erdi baino gehiago hartzeak areagotu egin ditzake izan nahi ez diren ondorioak.

3. Efektuak epe motzera

  • Kafeinaren ondorioak ez dira beti berberak. Hainbat faktorek eragiten dute zenbateko dosia hartzen dugun, non- nola hartzen dugun, aldarte onean edo txarrean gauden, zer espero dugun, eta gu geu nolakoak garen.
  • Nerbio-sistema zentrala (NSZ) estimulatzen du, eta ondorioz, bihotz eta arnas erritmoa azkartzen ditu. Nekearekiko eta logurarekiko erresistentzia handiagoa eragiteaz gain, jarduera fisiko eta buru- jarduera handiagoak eragiten ditu.
  • Pertsona batzuei hitz-jariotasuna eta kanporakoitasuna eragiten die, beste batzuei, aldiz, barnerakoitasunerako joera.
  • Maila fisikoan, ahoa lehortzen du, arnasketa eta erritmo kardiakoa azkartzen ditu, eta diuretikoa eta bronkodilatadorea da. Dosi handitan zurruntasun muskularra eragin dezake.
  • Hura hartzeko ohiturarik ez duten pertsonei urduritasuna eta suminkortasuna, buruko mina, antsietatea eta insomnioa eragin diezaieke.

4. Efektuak epe ertain eta luzera

  • Loezina, suminkortasuna, apetitu eza…
  • Kafea kontsumitzeak asaldura gastrikoak eragin ditzake. Kola-freskagarri industrialen kasuan, azukre disolbatuen kantitate handia hartzen da.
  • Kafeinak tolerantzia-faktore handia du eta mendekotasun fisikoa eragiten du.
  • Ohiko kontsumitzaileek, kafeina hartzeari utziz gero, oro har, antsietatea, suminkortasuna, buruko mina, insomnioa eta apetitu eza izaten dute. (Abstinentzia- sindromea).

5. Elkarreraginak

KAFEINA + ALKOHOLA

Alkoholarekin batera hartzen bada, alkohola depresorea denez, kafearen ondorioak estali egiten ditu.

KAFEINA + ESTIMULATZAILEAK

Biek NSZ estimulatzen dutenez, antsietate handiagoa eragiten dute eta arteria-presioa eta erritmo kardiakoa areagotzen dute.

KAFEINA + KANNABISA

Kalamuak ondorio estimulatzaileak estaltzen ditu.

Kontuan izan ondorengo arrisku egoerak:

  • urduritasun-arazoak antsietatea edo insomnioa izatea.
  • haurdun edo edoskitze garaian egotea.
  • hazteko adinean egotea.
  • sendagai kontraindikatuak hartzen aritzea.

Kontsumitzea erabaki baduzu

Aurretik

  • Substantziaren berri jakitea komeni da, gozamena eta arriskuak zuk zeuk neurtzeko.
  • Legala izateak ez du  esan nahi kalterik egiten ez duenik; errepara iezaiozu zure kontsumoari eta, halaber, hartzeari uzten diozunean dituzun erreakzioei, eta horiei jarraikiz joka ezazu.
  • Kontsumoa planifikatzea da onena. Zeure buruari mugak ezarri, eta bete itzazu.
  • Kafeina purua farmazietan saltzen da eta kafea edo freskagarriaren aurrean beste aukera bat izan daiteke.

Bitartean

  • Substantzia depresoreekin batera hartuz gero, dosia handitu behar izatera eraman zaitzake horien ondorioak indargabetzeko.
  • Tabakoarekin eta alkoholarekin nahastean, gogoan izan kontsumoa handitzen baduzu, aje handiagoa izango duzula, eta osasunari ere kalte handiagoa egingo diozula.
  • Ahotik hartzen baduzu, gogoan izan polikiago absorbatzen dela eta, beraz, ondorioak beranduago nabarituko dituzula.
  • Kontuan izan apetitua txikitzen duen arren, zure gorputzak elikagaiak eta hidratazioa behar dituela.
  • Kafeina hainbat substantzia aizuntzeko erabiltzen da, eta sudurretik hartzen denean, haren ondorioak azkarrak, biziak eta laburragoak dira, erabiltzaileari berriz hartzeko beharra eraginez.

Ondoren

  • Kontuan izan kafeinak ez dizula loak hartzen lagunduko, bizigarria baita.
  • Hortzak horitzea nahi ez baduzu, garbitu itzazu maiz.

Informazio gehiago jaso dezakezu arriskuen murrizketari buruzko liburuxka orokorrarekin (RdR). Deskargatu hemen klik eginez.

Webguneko baliabideak atalean beste dibulgazio-material batzuk dituzu substantzien erabilerari eta arriskuen murrizketari buruz.

Envíaselo a alguien:
Share