speed-a, pitxua, anfeta…
Hainbat anfetamina mota dago, eta guztiak feniletilaminen familiakoak dira. Anfetamina sulfatoa da ohikoena.
1. Konposaketa eta aurkezpena
Hauts zuri eta usaingabea da, nahiz eta kalean beste itxura batekin aurki daitekeen, alegia tonu desberdinekin, pasta heze egina eta usain kimiko gogorra duela.
Kafeinarekin oso aizunduta egon ohi da. 2022an, honako hau zen batez besteko konposizioa: 52% kafeina eta %39 anfetamina (Ai Laket!! elkarteak EAEn egindako analisien araberako datua). Horrez gain, kaltzio sulfatoa eta laktosa izan ohi ditu eta, kantitate txikiagotan, baita bestelako substantziak ere.
2. Dosiak eta administrazio bideak
Normalean sudurretik sartzen da (esnifatua). Batez besteko dosi aktiboa 50 mg da.
Jan ere egin daiteke, paper-bola txikitan bilduta (bonbetak). Horrela hartuta kantitatea txikiagoa izaten da.
3. Efektuak epe motzera
- Anfetaminaren ondorioak ez dira beti berberak. Hainbat alderdik dute eragina: zenbateko dosia hartzen dugun, non-nola hartzen dugun, aldarte onean edo txarrean gauden, zer espero dugun, eta gu geu nolakoak garen.
- Nerbio-sistema zentrala biziki estimulatzen du, eta ondorioz, bihotz eta arnas erritmoa azkartzen ditu. Ezsitazio eta euforia handia eragiten ditu; aldartea gozarazten du, nork bere buruarengan segurtasuna eta konfiantza sentitzea eragiten du, eta hitz egiteko abilezia hobetzen du.
- Gosea, logura eta nekea murrizten ditu. Ahoa lehortzen du eta begi-niniak dilatatzen ditu.
- Dosi handia hartuz gero ernetasuna eta tentsio muskularra eragiten ditu, eta masailezurra zurrundu egiten da.
4. Efektuak epe ertain eta luzera
- Loezina, suminkortasuna, nekea, apatia, apetitu eza.
- Ohiko kontsumitzaileek deskaltzifikazioa, desnutrizioa, bihotzeko eta biriketako arazoak, eta giltzurrunetako eta gibeleko arazoak izan ditzakete. Hainbat arazo psikologiko ere eragin ditzake, hala nola antsietatea, desoreka depresiboak, agresibitatea eta psikosi anfetaminikoa deituriko egoera. Horrez gain, ondorio berdinak lortzeko, dosia handitu behar izango da (tolerantzia).
- Ez du menpekotasun fisikorik eragiten; aldiz, menpekotasun psikologiko handia eragin dezake.
5. Elkarreraginak
ANFETA + ALKOHOLA
Normalean alkoholarekin batera hartzen da, eta alkohola depresorea denez, anfetaminaren ondorioak estaltzen ditu.
ANFETA + KOKAINA
Kokainarekin nahasten bada, biek nerbio-sistema zentrala estimulatzen dutenez, antsietate handiagoa eragingo du eta arteria-presioa eta erritmo kardiakoa areagotuko ditu.
ANFETA + KANNABISA
Kalamuarekin batera hartuz gero, eragin estimulatzaileak gutxiago nabarituko dira.
Kontuan izan hurrengo arrisku egoerak:
- gaixotasun mentalak izatea.
- gibeleko, giltzurrunetako edo bihotzeko arazoak izatea.
- sendagaiak hartzen aritzea.
- haurdun edo edoskitze gaiaran egotea.
- arriskuko edo arreta handiko zer edo zer egin behar izatea, esate baterako, gidatzea.
- hazteko adinean egotea.
Kontsumitzea erabaki baduzu…
Aurretik
- Hartu baino lehen, substantziaren berri jakitea komeni da, gozamena eta arriskuak zuk zeuk neurtzeko.
- Informazioa eskuratzeko bide ona Ai Laket!! elkarteko programetara jotzea da.
- Substantziari berari buruzko informazioa emango dizugu, bai eta dosiari buruzkoa ere, printzipio aktiboaren kopurua, aizunketa…
- Kontsumoa planifikatzea da onena. Zeure buruari mugak ezarri, eta bete itzazu.
- Anfetamina heze badago, lehortzen uztea komeni da; hartara sintesian gera litezkeen hondarrak lurrunduko dira.
- Ongi txikitu, sudurreko zauriak eta hemorragiak saihesteko.
Bitartean
- Erabili zure turutoa eta ez utzi beste inori. Hartara, gaixotasunak kutsatzeko arriskua murriztuko da (gripea, C hepatitisa,…).
- Txandakatu sudurzuloak, sudur-trenkada hainbeste ez kaltetzeko.
- Substantzia depresoreekin batera hartuz gero, dosia handitu behar izatera eraman zaitzake horien ondorioak indargabetzeko.
- Tabakoarekin eta alkoholarekin nahastean, gogoan izan haiek gehiago kontsumitzeko joera izango duzula, eta ondorioz, aje handiagoa izango duzula, eta osasunari ere kalte handiagoa egingo diozula.
- Kontuan izan apetitua txikitzen duen arren, zure gorputzak elikagaiak eta hidratazioa behar dituela.
- Anfetaminaren eraginpean sexu- harremanak badituzu, erekzioa izatea eta orgasmora heltzea zailagoa izan daiteke. Erabili kondoiak haurdun ez geratzeko eta sexu-transmisiozko gaixotasunik ez harrapatzeko (kandidak, herpesak, hepatitisa, GIB-hiesa eta abar). Kondoia erabiltzeko erantzukizuna zuri dagokizu, ez beste inori. Ez utzi beste inoren eskutan.
- Komeni da marra-kopurua eta marren luzera poliki-poliki murriztuz joatea.
- Bonbetetan jaten baduzu, gogoan izan polikiago absorbatzen dela eta, beraz, ondorioak beranduago nabarituko direla.
- Kalte egin badizu, komeni da norbaitekin egotea, ongi aireztatutako toki lasai batean, likidoak hartzea eta lasai egotea.
Ondoren
- Gogoratu sudurzuloak garbitzen, itsatsitako hondarrak kentzeko.
- Kontuan izan ondorengo egunetan animoz pattal ibiliko zarela. Pasako zaizu.
- Gogoratu galdutako mantenugaiak berreskuratzeko elikagai egokiak hartzen, hala nola kaltzio asko dutenak.
- Anfetamina-dosia hartu eta 36- 48 orduz igartzen zaio odolean, 5 egunez gernuan eta 24-48 orduz listuan. Datu horiek gutxi gorabeherakoak dira, izan ere dosiaren edo norberak drogaren arrastoak ezabatzeko duen ahalmenaren arabera aldatu egiten dira.
- Gogoan izan kalean anfetamina edukitzeak edo hartzeak 600 euro edo gehiagoko isun-zigorra dakarrela (12015/4 martxoaren 30eko Hiritar Segurtasunaren Babeserako Lege Organikoaren arabera). Trafikatzeak, saltzeak edo banatzeak kartzela-zigorra dakar.
Informazio gehiago jaso dezakezu arriskuen murrizketari buruzko liburuxka orokorrarekin (RdR). Deskargatu hemen klik eginez.
Webguneko baliabideak atalean beste dibulgazio-material batzuk dituzu substantzien erabilerari eta arriskuen murrizketari buruz.