litroak…

Edaten dugun alkohola, etil alkohola edo etanola, azukreen hartziduratik ateratako likidoa da.

1. Konposaketa eta aurkezpena

Edari alkoholdunak bi taldetan banatzen dira, nola egiten diren kontuan hartuta:

  • Hartzitutako edariak: garagardoa, ardoa, sagardoa. Modu naturalean ateratzen dira fruituetatik, zerealetatik eta abarretik. Edari horiek % 2 eta % 20 arteko etanol kontzentrazioa dute; beraz, graduazio baxukoak dira.
  • Edari destilatuak: patxarana, whiskia, rona,… Edari hartzituak araztuz eta destilatuz egiten dira. Etanol-kontzentrazioa %35etik gorakoa da; graduazio altua.

Droga legala bada ere, eta nahiz eta edari alkoholdunak osasun-kontrolpean egon, batzuetan garrafoia ere esaten zaion metil alkoholarekin (metanolarekin) egon daiteke aizunduta.

2. Dosiak eta administrazio bideak

Ahotik hartzen da. Dosi bat 10 g (gramo) alkohol dira. Ardo txikito batek, gutxi gorabehera, 12 g ditu, garagardo batek 10 g, eta patxaran batek 16 eta 20 g artean.

Ondorioak lehenengo unitatetik aurrera agertzen dira.

3. Efektuak epe motzera

  • Alkoholaren ondorioak ez dira beti berdinak. Hainbat faktorek dute eragina: zenbateko dosia hartzen dugun, non-nola hartzen dugun, aldarte onean edo txarrean gauden, zer espero dugun, eta gu geu nolakoak garen.
  • Emakumeek alkohola gehiago xurgatzen dute gantz-ehun ehuneko handiagoa dutelako. Horrez gainera, alkohol deshidrogenasa entzimak (ADH) jarduera txikiagoa du emakumeengan. Entzima hori giza arrazen arabera ere aldatu egiten da.
  • Nahiz eta nerbio-sistema zentralaren depresorea izan, dosi txikietan, ondorio estimulatzaileak ditu: segurtasun-sentsazioa, euforia, barre egiteko erraztazuna, hitz- jarioa, ongizatea, autoestimu handiagoa. Gainera, irrigarritasunaren zentzua ahultzen da, eta askatasun handiagoa sentitzen da.
  • Dosia handitzean hasten dira ondorio depresoreak: erreflexuak eta erreakzionatzeko gaitasuna moteltzen dira, hitz egiteko zailtasuna agertzen da…
  • Dosi ertainetan eta altuetan, alkoholak honako hauek eragin ditzake: logura, oreka galtzea, zorabioak, goragaleak, okadak eta bikoitz ikustea.

4. Efektuak epe ertain eta luzera

  • Alkoholak tolerantzia sortzen du; hau da, gero eta kantitate handiagoak hartu behar dira eragin berdinak lortzeko. Gero eta alkohol gehiago edateak alkoholarekiko menpekotasun fisikoa eta psikikoa izatea ekar dezake.
  • Jarraian kontsumitzeak kalteak eragiten ditu organismoan, hala nola zirkulazio aparatuan, eta, halaber, arteriosklerosia edo bihotzeko gutxiagotasuna, eragin dezake, urdaileko ultzerak, pankrearen hantura eta gibeleko zirrosia. Inpotentzia eta frigidotasun sexuala ere eragin ditzake.
  • Ondorio psikikoak honakoak izaten dira: oroimena galtzea, aldarte-aldaketak, kontzentratzeko eta adi egoteko gaitasuna galtzea, depresioak izateko joera, psikosia, delirium tremens-a (egoera psikotiko akutua; haluzinazioak izaten dira).
  • Emakumeetan osteoporosia, hilekoaren irregulartasunak eta menopausia goiztiarra ere eragin ditzake. Asaldura neurologikoak, adibidez, giharretako mina, gizonengan baino lehenago agertzen dira emakumeengan.
  • Alkohol asko eta denbora luzez edanez gero, hartzeari uztean izaten den sintoma multzoari abstinentzia- sindromea esaten zaio.

5. Elkarreraginak

ALKOHOLA + KANNABISA

Kalamuarekin nahastuta, errazagoa da tentsioa jaistea, eta zorabioak eta goragalea izatea: “txurikoa”.

ALKOHOLA + ESTIMULATZAILEAK

Estimulatzaileekin nahastuta, bien eraginak indargabetu egiten dira eta arriskuak areagotu, batez ere deshidratazioagatik, eta kantitate handiagoetan hartzen direlako.

Alkohola nahasketa gehienetan izaten da.

Beste depresore batzuekin nahastuta, arrisku handiagoa dago txepeltzeko, konortea galtzeko eta koman sartzeko.

Botikak hartzean, garrantzitsua da erabilera-orria ondo irakurtzea. Antibiotikoak hartuz gero, haien eragina gutxitzen dela jakin behar da.

Kontuan izan ondorengo arrisku egoerak:

  • arazo psikologikoak izatea edo bolada txarrean egotea.
  • gaixotasunik izatea, bereziki, gibelekoak, bihotzekoak edo diabetesa.
  • alkoholarekin bateratu ezin diren sendagaiak hartzen egotea.
  • haurdun edo edoskitze garaian egotea.
  • arriskuko edo arreta handiko zer edo zer egin behar izatea, esate baterako, gidatu.
  • garapen adinean egotea.
  • kontsumoak kalte egitea edo arazoren bat sortzea.

Kontsumitzea erabaki baduzu…

Aurretik

  • Alkohola guztiz errotuta dago gure gizartean; hala ere, informa zaitez: gozamena eta arriskuak hobeto kudeatuko dituzu.
  • Zerbait jateak, edo urdaileko babesle bat, edo koilarakada oliba-olio hartzeak, urdailari kalte egiteko arriskua gutxituko du.
  • Kontsumoak banandu, gehiago disfrutatuko duzu.
  • Gogoratu alkohola ez dela bidailagun ona bolada txar bat gainditzeko.

Bitartean

  • Litroak egiten badituzu, zailagoa da kalkulatzea zenbat edaten ari zaren; hobe da edalontzietan edatea dosiak kalkulatzeko.
  • Edan poliki eta utzi denbora tragoen artean. Dastatu eta gozatu!
  • Poteoan zabiltzanean, tarteka ura edo edari alkoholgabeak ere hartu. Honela, deshidratazioa murriztuko duzu; ajea, alegia.
  • Sexu harremanak badituzu, arriskuko-jarduerak murrizten saiatu, hau da, haurdunaldiak zein sexu bidezko infekzioen (kandidak, herpesak, hepatitisa, GIB-hiesa eta abar) transmizioa sahiestu kondoiak edo aho-hesiak erabiliz. Kondoia erabiltzeko erantzukizuna zuri dagokizu, ez beste inori. Ez utzi beste inoren esku. Gogoan izan alkoholak erekzioa eta orgasmoa zaildu ditzakeela, emakume nahiz gizonengan.
  • Kalte egin badizu komenigarria da edateari uztea ondoezik dagoen pertsonaren ondoan egotea eta hoztu dadila sahiestea. Dutxa hotzek, estimulatzaileek edota ariketa fisikoak ez dute alkohol maila murrizten.

Ondoren

  • Alkohola edan eta gero gidatu behar baduzu, beste modu batzuk bilatu, esate baterako, garraio publikoa.  Gogoan izan gidatzean baimendutako alkohol-maila 0,25 mg/l airean dela (0,5 g/l odolean).
  • Oheratu aurretik ura edan; biharamunean aje txikiagoa izango duzu.
  • Jan ezazu fruta, galdutako bitaminak berreskuratzeko; fruktosak alkohola kanporatzen laguntzen dio gorputzari.
  • Zure sabelak otordu arina, gatz mineralak eta potasioa dituena, eskertuko dizu. Esate baterako, sopak, zukuak,…

Informazio gehiago jaso dezakezu arriskuen murrizketari buruzko liburuxka orokorrarekin (RdR). Deskargatu hemen klik eginez.

Webguneko baliabideak atalean beste dibulgazio-material batzuk dituzu substantzien erabilerari eta arriskuen murrizketari buruz.

Envíaselo a alguien:
Share