Levamisola edo tetramisola Europan albaitaritzan bakarrik erabiltzen den sendagaia da. Batez ere antihelmintiko gisa erabiltzen da, zizare parasitarioak desagerrarazteko.
Guztiz ziurra ez bada ere, lebitamisola aizungarri gisa erabiltzen da hainbat arrazoirengatik: bere itxura kristalino eta distiratsua kokaina puruaren itxuraren antzekoa da, eta, bestalde, badirudi kokainaren ondorioak bultza ditzakeela, eta, gainera, oinarrizko analisiekin hautematen zaila den substantzia da.
Epe luzeetan zehar hartzen badira ondorio kaltegarrietako batzuk honako hauek dira: hipersentikortasun-erreakzioak, hala nola sukarra, gripe-sindromea, giharretako mina eta larruazaleko erupzioak; eta nerbio-sistema zentralean eraginak, hala nola zefalea, insomnioa, bertigoa; nahasmendu gastrikoak (ahoaren zapore txarra, adibidez) eta agranulozitosia (globulu zurien kopurua jaistea odolean).
Efektu horiek kontsumo jarraituetan gertatzen dira, eta zein dosik sor ditzakeen ebaluatzea zaila bada ere, kalkulatzen da 50-200 mg inguru direla egunero, norberaren ezaugarrien arabera.
Interakzioen artean, alkoholarekin gertatzen direnak nabarmentzen dira. Levamisolak alkoholaren metabolizazioaz arduratzen den entzimaren ekintza inhibitzen du, eta horrek ondorio desatseginak ekar ditzake, hala nola: goragaleak, gorakoak, izerditzea.